Zinemaldi baten bitakora: seigarren alea

Oraindik ordura arteko festibalaren baitako pelikularik harrigarriena gomutan genuela –Ruiz de Azuaren Los domingos bikaina– ekin genion jaialdiaren azken txanpari. Ezin burutik kendu Aitormena kantaren bertsio koral pianoz lagundua. Ostiralerako, bukatuta izaten da urtero Sail Ofizialeko lehia eta beraz, azken partaideei hozka egiteko egun parea genuen aurretik. Jianyu laide mama, Qin Xiaoyu txinatarraren zintak argumentu boteretsua aurkezten zigun paperean. Hamar urtean kartzelan egondako emakumearen istorioa. Biolentzia matxista pairatua bera, erasotzaile zuen gizona hiltzeagatik ari da zigorra betetzen. Indultua jaso ostean, semeak amaren bueltan izango dituen sentipenei zein emakumearen beraren barne gatazkei erreparatzen die filmak. Are boteretsuago bilakatzen du zinta aktore protagonista, istorioa errealitatean bizi izan zuen emakumea bera izateak. Errealitatearen ispilu are zorrotzagoa. Metraje nahiko laburrarekin, festibalean alferrik luzaturiko gauza ugarik ez bezala, modu intimoan erretratatzen dira zeldaz gaindiko kartzela pertsonalak. Adierazi gabeko hitzak, keinu justukoak, zartatutako bizitzen lorratzak.
Pelikulak, orokorrean, epel utzi ninduen. Egia da edukia indartsua zela. Baina kontakizunaren beraren tempoak edota eszenarik erabakigarrienak amaiera alderako utzi izanak, nire iritzia baldintzatu zuten. Amak jasandako biolentziaz jabetzen ez den semeak galdetu egiten dio aitaren heriotzagatik. Orain artean ama paperean aritu den amona botatzen du faltan, ez du ulertzen nolatan aldendu duen amaren itzulerak berarengandik. Filmaren iraupena eskertu arren, amaiera bat-batekoak apur bat harritzen du ikuslea. Sekzio nagusiaren baitan ikusi ditugu gauza txarragoak, noski. Baina asteazkenari ekiteko ez zidan gorputzean dardara handirik eragin kontuak.
Zabaltegi-Tabakalera saila da esperimentaziorako gela Zinemaldian. Apusturik arriskatuenak, irudigile berezienak eta proposamen xelebreenak biltzen ditu Tabakaleraren bueltan burutzen den atalak. Aipaturiko sekzioaren baitako lehen pelikula nuen festibalean. Una película de miedo berau, Sergio Oksman brasildarrarena. Errealitatearen eta fikzioaren arteko zubi ugaritan arriskutsuan jokatzen du partida egileak. Dokumental sortzaile batek eta bere semeak abandonaturiko hotel batean eginiko egonaldia kontatzen zaigu. Semeak beldurrezko pelikulak maite ditu eta etengabean ari zaio aita galdezka zerk beldurtzen ote duen. Begirada partikularrak eskaini ohi dizkigu Zabaltegik beti, eta honakoak ere bazuen espezialetik. Aita-semeen arteko elkarrizketek eta hotel hustuaren beraren estetikak ikuspuntu adierazgarria egozten zioten filmari.
Zinemaldiaren seigarren egunak emandakoak (badoa aurrera hau!):
— Ignacio Arakistain (@ignacio_arakis) September 25, 2025
Jianyu laide mama | Qin Xiaoyu
Sail Ofiziala#73SSIFF | @irutxulo https://t.co/HLGpCdYAqf
Aurreko egunean irekia izan zen Culinary Zinemak bigarren egunez aurkeztuko zuenari so egitera hurbildu nintzen ondoren. Oraingoan, lehen zatirako parada soilik. Afarirako txartelak lortzea, Bruce Springsteenen kontzertu baterako tiketak eskuratzea baino gatzagoa bilakatzen da urtero. Edota Zetak-en makro ekitaldi horietako batean izatearen parekoa. Tetsuro Maeda japoniarra, Axpen kokatzen den Txispa jatetxeko burua, gaueko protagonista kulinarioa. Alameda jatetxera Japoniatik etorritako gazteak badaramatza hamabost urte baino gehiago gure artean. Euskal herritartua da jada. Anboto mendiaren magalean aurkitzen den Etxebarri entzutetsuan aritu zen urtez luzez, Bittor Arginzonizen agindupean. Dokumentalak adierazten duenez, hantxe ikasi zuen produktuarekiko estimazioa. Bertakoari estimua izanez sortu baitzuen mende luzeko historia duen baserri batean ezarritako Txispa, bere proiektu pertsonala. Hantxe dihardu lanean, duela bi urte eman zioten Michelin izarrari eutsi eta gehiago hazteko irmoarekin.
Euskal telebistan sukaldaritzari eskainitako programa ugarien –janaria errege, gure herrian– ekoizleak direnek ondu dute dokumentala. Aretoan sartu zen lantaldeko jende andanak frogatua utzi zuen ekipoaren beraren ilusioa eta gogoa, proiektua egiterakoan. Emaitza apur bat apala da, hala ere. Lengoaia zinematografikoa ez da menperatzen eta telebista saio baten kutsua gehiago du Maedaren erretratuak. Hiru zatitan banatua, kamera aurrean duela egindako elkarrizketez abusatu egiten da, apur bat. Mugimendu eta bizitasun gutxi, egunerokoaren aztarna urriak. Artifizioa apur bat. Saiakera gisa, txalogarria. Animatzen ditut jarrai dezaten esploratzen bide hori.
Eta heldu ginen eguneko laugarren eta azken pelikularen atarira. Nadie hablará de nosotras cuando hayamos muerto, festibalean duela hogeita hamar urte saritua izan zen zinta zuzendu zuen Agustin Diaz Yanesen azken sartu-irtena fikzioan: Un fantasma en la batalla, Susana Abaitua protagonista duen lana. ETAn infiltratzen den guardia zibil baten papera jokatzen du azken honek. Duela urtebete argumentu berbera zuen pelikula bat estreinatu zela jakinda, batek nagikeriaz heltzen zion proiekzioari. Thriller ohikoaren eskemak erabiliz, pelikulak ez dio heltzen gatazkaren ertz ugariei. Infiltratuaren eta banda armatuaren buruzagietako bat den emakumearen –zeinen ederra Iraia Elias pantaila handian ikustea berriro– arteko erlazioan jartzen da, batik bat, fokua. Garaiko irudi errealek, gordintasuna eskaintzen dioten ikusteko erraza den zintari. Nabarmentzekoa, erabilitako soinu banda. Infiltratua den poliziak kode sekretu gisa baliatzen ditu Minaren kanta italiarrak, eszenarik tentsuenak Parole, parole eta tankera horretako kanta tzarrekin blaituak daudelarik.
Hortxe atera zen bat Italiako mitoarenak kantatzen. Mereziko luke Zinemaldiaren baitan entzuten ari garen kanta itzelen zerrenda bat egiteak. Musikari honen aldetik, jaialdiak eskainitako kutixirik berezienetarikoak. Parole, parole, parole…