Auzitegi Nagusiak atzera bota du San Bartolomeko merkataritza zentroari buruzko helegitea
San Bartolomeko muinoa.Mikel Elkoroberezibar Beloki Donostiako Udal Gobernuak, apiriletik, ez du aurreikusita zegoen merkataritza zentroa egin nahi San Bartolomen, baina Dendartean elkarteak aurreko proiektuaren aurka 2023an aurkeztutako helegiteak abiatutako bide judizialak aurrera jarraitu du. Horrela, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak helegite horren inguruko epaia atera du, atzera botaz elkarteen eskaera guztiak eta, beraz, ebatziz San Bartolomeko merkataritza zentroaren proiektua legezkoa dela.
Auzitegiaren arabera, proiektuak bat egiten du 2015ean egin zuten hiri antolamenduko plan orokorraren aldaketarekin. Horrela, halakoetan ohikoa den moduan, auzitegiak prozeduraren kostuak ordaintzera zigortu du Dendartean. Hala ere, sententziaren aurkako helegitea aurkeztu dezakete 30 eguneko epean, Espainiako Auzitegi Gorenean.
Argitu gabe
San Bartolomeko merkataritza zentroaren proiektuaren aferak, hala ere, argitu gabe jarraitzen du. Horren harira, San Bartolomeko herritarren plataformak eskaera formala aurkeztu dio berriki Eneko Goia alkateari, New San Bartolome SL inbertsio funtsari emandako obra lizentzia iraungitzat jotzeko.
Horren harira, Goiak nabarmendu zuen “arduraz” jokatzen ari dela udal gobernua, “udalarentzako ondorio negatiborik egon ez dadin”. Egungo udal gobernuak proiektuaren aurrean izandako iritzi aldaketarekin, “zentzuz jokatu” nahi dutela gaineratu zuen.


