'Hombre bala': zaleentzako nostalgia ariketa bat

Zinemira
Filma: Hombre bala.
Zuzendaria: Anuska Ariztimuño.
Posible al da musikari edo musika talde bati buruzko dokumental bat egitea eta musikari edo musika talde horren zaleak ez direnei ere interesgarria iruditzea? Zaila da, hori ziur, eta 73. Zinemaldiko Zinemira sailean proiektatu duten Hombre bala dokumentala, Mikel Erentxun musikari donostiarrari buruzkoa, ez da salbuespena: Duncan Dhuren eta Mikel Erentxunen zalea bazara, segur aski, lana biziki disfrutatuko duzu; bestela, aurreztu dezakezu.
Duncan Dhu taldeak eraman zuen ospera Erentxun, urte luzez egin zuten ibilbide arrakastatsuarengatik. Eta, noski, taldearen inguruan hitz egiten du dokumentalaren zati handi batek, besteak beste, Duncan Dhu aurten egiten ari den nazioarteko bira baita harietako bat.
Diego Vasallo eta Juan Ramon Viles taldeko jatorrizko kideak agertzen dira lanean, noski, eta Duncan Dhuren ibilbidea zein argi-ilunak errepasatzen dituzte, kamera aurrean hitz eginez zein Erentxunekin dituzten elkarrizketetan, lagunarteko elkarrizketa nostalgikoen tonua dutenak eta lanari naturaltasuna ematen diotenak. Naturaltasunaren eta kamera aurreko adierazpenen zurruntasunaren arteko oreka bilatzen du une oro Anuska Ariztimuñoren dokumentalak, baita tarteka lortu ere.
Duncan Dhutik harago, hala ere, Erentxunen bizitza pertsonalaz ere hitz egiten du filmak, donostiarrak belauneko ebakuntza baten harira bizitakoak eta zahartzaroa nola bizi duen kontatzen baitu. Haren bakarkako ibilbideaz ere hitz egiten du lanak, Erentxunen sormen prozesua aztertuz, besteak beste.
Donostiaz ere hitz egiten du Erentxunek filmean, edo, hobeto esanda, San Sebastianez. Eta ez dira falta artista askok sarriegitan errepikatzen dituzten klixe horietako batzuk, hala nola, Duncan Dhuk Cien gaviotas abesti ezagunena baino askoz abesti hobeak dituela. Tarteka, badirudi, baita ere, Erentxunek artista alternatibo gisa aurkeztu nahi duela bere burua, hala nola, azken urteotan “eszena komertzialetik at” dagoela dioenean, duela urte asko ez duelako hit-ik izan. Egia da urteotan ez duela abesti bereziki arrakastatsurik atera, baina eszena komertzialetik at dagoen nork egin ditzake nazioarteko birak kontzertu bakoitzean milaka pertsonaren aurrean joz?
Erentxunen ego bidaia bat da, hein batean, dokumentala. Baina, segur aski, hori behar zuen izan hasieratik Hombre bala-k: Mikel Erentxunen figuraren eta bizitzaren errepaso zabala, Duncan Dhuren inguruko nostalgia eta oroitzapen ariketa bat eta, oro har, Erentxunen musikaren zaleentzako lan bat. Eta horixe bera da.