'Los domingos' filmak eskuratu du Zinemaldiko Urrezko Maskorra
Alauda Ruiz de Azua zuzendari bilbotarraren lanak eskuratu du 73. Zinemaldiko sari gorena. Bestalde, Jose Ramon Soroiz aktoreak irabazi du Zilarrezko Maskorra, 'ex-aequo' Zhao Xiaohongekin batera.

Euskal zinemak inoiz baino presentzia handiagoa izan du aurtengo Donostiako Zinemaldian, baita maila altua erakutsi ere, larunbat gaueko sari banaketan argi gelditu zenez. Sail Ofizialean lau euskal ekoizpen proiektatu dituzte, bi lehiaren barruan eta bi lehiaz kanpo —Karmele eta Zeru ahoak—, eta lehiatzen ziren biak saritu zituzten.
Nabarmentzekoa da, bestalde, jaialdi osoan zehar gertatu den moduan, Palestinarekiko elkartasunak ere presentzia handia izan zuela Zinemaldiko itxiera ekitaldian, herritar ugari elkarretaratu baitziren Kursaaleko atarian. Horrez gain, ekitaldira joan ziren pertsona ezagun askok Palestinaren aldeko ikurrak eraman zituzten soinean, eta sarituetako askok genozidioa salatu zuten euren hitzartzeetan.
Hain zuzen ere, 73. Zinemaldiko Sail Ofizialeko epaimahaiak Alauda Ruiz de Azua zinemagile bilbotarraren Los domingos filmari eman zion jaialdiko sari gorena: Urrezko Maskorra, film onenaren saria. Horrez gain, Euskal Zinemaren Irizar saria ere eskuratu zuen lan horrek. Hori guztia dela eta, jaialdiarekin oso eskertuta agertu zen Ruiz de Azua, “filma bertan estreinatzeko itxaroteagatik eta inoiz jasotako harrerarik politenagatik”.
Zilarrezko Maskorra interpretazio nagusi onenaren sariari dagokionez, Jose Ramon Soroiz aktoreak irabazi zuen, urtarrilean Urrezko Danborra irabazi zuen Moriarti ekoiztetxeko Jose Mari Goenagak eta Aitor Arregik zuzendutako Maspalomas filmarengatik. Bizitza oso bat darama Soroizek euskal zinemaren, ikus-entzunezkoen eta antzerkiaren munduan eta, galan jaso zuen txalo zaparradak argi utzi zuen oso pertsona maitatua dela. Hunkituta agertu zen Soroiz, saria jasotzean: “50 urte eman ditut mundutxo honetan, eta Maspalomas izan da inork eman didan saririk handiena. Maite zaituztet, milesker!”. Horrez gain, duela urte asko Donostian bizi bada ere, Legorreta da bere sorterria, eta hori ere gogoratu zuen, saria Legorretari eskainiz.
Soroiz ez zen izan, ordea, Zilarrezko Maskorra eskuratu zuen bakarra, aurten ex-aequo banatu baitute sari hori, eta Zhao Xiaohong aktoreak ere eskuratu zuen, Qin Xiaoyuk zuzendutako Jianyu laide mama filmarengatik.
Sail Ofizialeko beste sariak
Aipaturikoak ez dira Zinemaldiak banatu ohi dituen sari bakarrak, ordea, eta beste film hainbat ere saritu zituen jaialdiak. Jose Luis Guerin zinemagile katalanak, esaterako, Epaimahaiaren Sari Berezia jaso zuen, Historias del buen valle dokumentalarengatik.
Zuzendaririk onenaren Zilarrezko Maskorrari dagokionez, Joachim Lafosse zinemagile belgikarrak irabazi zuen, Six jours ce printemps-là filmarengatik. Eta gidoi onenaren garaikurra ere eskuratu zuen, Chloe Duponchelle eta Paul Ismaelekin partekatuta.
Taldeko aktorerik onenaren saria, bestalde, Camila Plaatek jaso zuen, Dolores Fonziren Belén filmarengatik. Argazki onenaren saria, azkenik, Pau Estevek irabazi zuen, Alberto Rodriguezen Los tigres filmean egindako lanagatik.
Juan Antonio Bayona, Laura Carreira eta Gia Coppola, Zhou Dongyu, Lali Esposito, Mark Strong eta Anne-Dominique Toussaint izan dira 73. Zinemaldiko epaimahai ofizialeko kideak.
Beste sailak
Sail Ofizialeko sariez gain, beste sailetakoak ere banatu zituzten larunbat gauean. Euskal Zinemaren Irizar saria, aipatu moduan, Los domingos-ek irabazi zuen, baina Marta Medinaren eta Enrique Lopez Lavigneren El último arrebato-ri aipamen berezia eman zioten epaileek.
Zuzendari Berriak sailean, irabazlea Emilie Thalund danimarkarraren Vaegtloes lana izan zen, eta Irati Gorostidiren Aro berria filmak epaimahaiaren aipamen berezia jaso zuen.
Zabaltegi-Tabakalera sailean, Lucile Hadzihalilovicen La tour de glace filmak izan zen irabazlea, eta Horizontes Latinos atalean Simon Mesa Sotoren Un poeta. Bi aipamen berezi ere egin zituzten: Ana Cristina Barraganen La hiedra eta Daniel Hendlerren Un cabo suelto.
Perlak sekzioan, ikusleek erabakitzen dute saria zein filmi eman, eta Kaouther Ben Hania zuzendari tunisiarraren The Voice of Hind Rajab lanarentzat izan zen. 6 urteko neskato palestinar baten eta haren senideen hilketa kontatzen du lanak. Atal bereko Europako ekoizpen onenaren izendapena Mailys Valladeren eta Liane-Cho Hanen Amélie et la métaphysique des tubes lanak eskuratu zuen.