Parte Zaharrak behar dituen ekipamenduak eskatzeko sinadura bilketa abiatu dute
Parte Zaharreko ekipamenduen aldeko sinadura bilketa abiatu zuten ostiralean.Parte Zaharrean Bizi Parte Zaharreko hamabost elkartek bat egin zuten ekainean, udalari auzoak behar dituen ekipamenduak eskatzeko. Kanpaina horri jarraipena emateko, sinadura bilketa abiatu dute asteburu honetan, udalarentzako bi eskaera zehatzekin: “Parte Zaharreko eta auzotarren beharrei erantzungo dieten auzo azpiegiturak eta ekipamenduak behingoz ahalbidetzea eta”Parte Zaharrean libre dauden espazioen erabilera eta kudeatzaile posibleei buruzko erabakiak auzotarrekin eta auzoko eragileekin batera hartu eta adostu ditzala”.
Elkarteek azaldu dutenez, ekaineko agerraldia egin zutenean, bilera bat eskatu zioten udalari eta, bigarren eskaera bat egin ostean, lortu dute bilera hori lotzea, hurrengo asterako: “Bi hilabeteko isilunearen ondoren, gure eskaera berriro egin eta udal teknikariekin lehenengo bilera bat hitzartu ahal izan genuen”.
Bilera eskatu zutenetik egin duten arte udalak Bretxako proiektuak emandako pausoak salatu dituzte elkarteek: “Ez du denborarik galdu aipatu espazioetako batzuk auzotik kanpoko interesei esleitzeko. Horren adibiderik argiena eta mingarriena da Bretxako Arrandegi eraikinak ostalaritzarekin lotutako proiektu bat hartuko duela. Non eta ‘eremu saturatu’ izendatu duten auzo batean. Noiz eta ostalaritzaren kontrolik gabeko hazkundeak auzoan eragindako desoreka inoiz baino nabariagoa denean. Bestalde, pentsatu al du inork horrelako proiektu batek zer nolako ondorioak izango dituen gertuko eta tokiko ostalariengan? Guk ezetz uste dugu, Bretxako kirol-instalazioak diseinatu eta irekitzerakoan auzoaren behar espezifikoetan ere pentsatu ez zen bezala”.
Duela gutxi Parte Zaharrean ireki duten haurtxokoarekin ere kritiko agertu dira auzotarrak: “Ikasturtea hasi eta euria egin duen lehen egunean ikusi dugu zein azkar bete den edukiera (39 haur). Eta auzoan beste espazio publiko estalirik ez dugunez, dozenaka haur nora joan gabe geratu dira”. “Gure adinekoen egoera ere ez da ona, auzoko eguneko zentroa jada eskasa eta desegokia baita auzoaren gaur egungo beharrak ase ahal izateko”, gaineratu dute.
Ildo beretik, nabarmendu dute auzo izaera sustatzea dutela helburu: “Gure auzoan ez da udal ondarerik falta. Baditugu museoak, antzokiak eta udal zerbitzu ugari. Baina ez dira auzo erabilerakoak, nekez sortzen da haietan auzo bizitzarik. Eta argi dago Parte Zaharra izango bada, auzo bizitza beharrezkoa dela, eta auzo bizitza egongo bada, bertako bizilagunen beharrak aseko dituzten azpiegiturak behar direla”.
Horrela, argi dute ezin dutela “geldirik egon”, eta euren eskaerei “indar gehiago” emateko asmoz abiatu dute aipaturiko sinadura bilketa, hurrengo asteko bilerara begira. Nabarmendu dute, halaber, “elkarlanerako prestutasun osoa” dutela, eta hala joango direla bilerara.
Hauek dira kanpaina hori egiten ari diren hamabost elkarteak: Parte Zaharrean Bizi Auzo Elkartea, Kale Lagunak Hockey Elkartea, Karmengo Jai Batzordea, Alde-Zaharra Kirol Elkartea, Zaharrean Alde Zaharreko Merkatarien Elkartea, Herria Kultur Elkartea, Kresala Kultur Elkartea, Arrano Beltza Euskaltokia, Kaskariñak, Bilintxi Balantxa Bertso Eskola, Euskal Jai Batzordea, Euskara Batzordea, Kai Harripe Euskal Kultur Elkartea, Alde Zaharreko Gazte Asanblada eta Jarana Herri Kirol Taldea



