Zinemaldi baten bitakora: zazpigarren alea

Asteak bilakatu litezke hilabete. Edota bi ordu, esku arteko labarretatik ihesean doazen instant. Zinemaren tempoak erabat dira desberdinak. Ez du ulertzen erloju klasikoaren tik-taka zazpigarren artearen penduluak. Errutinaren konpasa ulergaitz zaio proiektorearen karraka hots gozoari. Zinemaldiaren sarrera lagundu ohi duten txaloen erritmoa ez dator bat zinematik at bere egunerokoarekin jarraitzen duen jendarteari. Gelditua da denbora Donostian. Konturatzerako, asteburua heltzen ari zitzaigun. Palmaresa jakiteko gutxiago falta zitzaigun. Urrezko Maskorra, perla preziatua, nork etxeratuko zuen laster adierazko zigun Juan Antonio Bayona zinemagile eta egunotan epaimahaiburu arituak. Kritikarien artean kabalak eta apustuak jada irekiak ziren. Zaila da asmatzen zazpi kideko epaimahai anitzak nondik joko duen. Iazkoari erreparatuta, narratibaz gain irudien erabilpenean kitzikagarria zaien produktu batek jaso lezake aipamenik garaiena. Eta esparru horretan benetan nabarmentzekoa iruditu zitzaidan zinta batekin ekin genion ostegunari: Jose Luis Guerinen Historias del buen valle titanikoa.
Bartzelona hiriaren periferian kokatzen den Vallbona auzoaren argazki oso eta gertukoa. Guerinek dokumentalak eginez dihardu azken hamarkadetan batik bat. Errealitatea bera baliatzea gustatzen zaiola fikzioa egitera iristeko. Horixe zioen bere pelikula bezain mamitsua izan zen prentsa agerraldian. Bizilagunak, jendarte sozialki nahiko baztertua, protagonista hartzen du zintak. Trenaren altzoan, berde guneen eta ibaiaren presentzia erabatekoak baldintzatuta, giza talde berezia aurkezten zaigu pantailan. 50eko hamarkadan izaniko lehen migratzaile andaluziarren olatuak egun nahastu egiten dira beste hainbat herrialdetatik etorritako desplazamenduekin. Guerinek bere begirada zaindu eta poetikoa baliatzen du deserrotzeari, desplazamendu behartuei, komunitatea eratzeko moduei, identitatea gordetzearen zailtasunei eta beste hainbat kontu interesgarriri buruz hitz egiteko. Geruza ugari gainjartzen dira festibalaren baitan ikusi dugun lanik ederrenetarikoan. Identitate krisiari, protagonisten beraien mundu pertsonalak gehitzen zaizkie. Badira ibai altzoan jolasten diren umeak, alzheimerdun gizonaren emazte umoretsua, 90 urteak paseak dituzten gizon pare jakintsua.
Izugarria da mahai gainean jarritako sentipen abanikoa. Guerinek berak adierazi zuen: “Izugarri ederra iruditu zitzaidan munduko gatazkan guztien erresonantzia kaxa izan zitekeela auzo txiro hau”. Krisi klimatikoa, kapitalismo basatia, gazteriaren etxebizitza problematika. Zuri-beltzeko preludio oniriko bat du, gainera, preludio pelikulak. Jazzeko pieza eder batek laguntzen dio lehen irudi horiei. Ondoren datorrenak aise merezi luke saririk handienen zerrendan urrezko lekua. Metraje benetan zoragarria, mimo handiz ondua eta sozialki zeresana eman dezakeena.
Harribitxi honetaz gozatu ostean, ezin komertzialagoa iruditu zitzaidan Nuremberg ikusi nuen, James Valberbiltek Alemanian naziaren azken egunei eginiko erretratua. Entretenigarria, hori bai. Russel Crowe ospetsuak Hermann Goering almirantearen papera modu bikainean antzezten du. Kiloak hartuta, pertsona narzizista eta berekoi bat aurkezten zaigu. Rami Maleken begirada du parean. Oscar irabazlea, espetxeratutako buruzagien egoera psikikoa aztertu behar duen medikua da. Gizatasuna erakutsi nahian, Croweren pertsonaiarekin harreman berezia trabatuko du filmean zehar. Gizateriaren aurkako krimenengatik Nuremberg hirian eginiko lehen epaiketen kontakizun historikoki interesgarria begitandu zitzaidan. Zinematografikoki, ezer berezirik ez. Leihatilan funtzionatuko duen pelikula eta Oscarretara bidean zeresana emango duena ziur.
Zinemaldiaren zazpigarren egunak emandakoak:
— Ignacio Arakistain (@ignacio_arakis) September 26, 2025
Historias del buen valle | José Luis Guerín
Sail Ofiziala#73SSIFF | @irutxulo https://t.co/H39DTYV9wt
Heldua nintzen, hogeita piku film bisualizatu ostean, aste osoko azken filmera. Jota Urondo, un cocinero impertinente zinta argentinarra hain zuzen, Juan Iglesias eta Mariana Erjimovichek lau eskutara zuzenduriko proiektua. Beronek Javier Urondo sukaldariak Buenos Aires hirian kokatua duen proiektu kulinarioa azaltzen digu. Urondok etxeko jateko tradizionala maite du, esperimentazioa beste batzuentzako utziz. Bezeroaren mimoa ziurtatzen eta bertaratzen dena etxean bezala sentitu dadin lanean dihardu dokumentalako protagonistak. Argentinak bizi duen egoera prekarioa nabarmendu zaigu festibal osoan. Jaialdiaren sail guztiek jaso dituzte bertako produkzioak. Azken ale hau aurkeztean ere zuzendariei urratu zitzaien ahotsa horretaz aritzean. Pelikula xumea da ondu dutena baina nabari zaio zinemaren arnas kitzikagarria. Aurreko egunean ikusitako dokumental formatuz telebistarako gehiago pentsatuak edota asteartean ikusitako fikzio endredu hutsalez beteak, maila altuan kokatu zuten zinta argentinarra.
Ondoren, festari ekin genion Basque Culinary Centerren. Oraingo honetan cocktailerako bertan ginela, lehen zizka-mizken gozatu ahal izan genuen. Enpanadilla argentinar klasikoa, pizza moduko gaztadun ogi zatiak. Edanari laguntzeko lehen mokaduak, tradizioaren isla izango zenaren lehen zantzua. Eseri ginen egokitutako mahaietakoren batean, alboan izango genituenen aurpegiei begira. Beti diot enkontru horiexek direla janariaz edo zinemaz gain, saila berezi egiten dutenak. Ceviche fresko eta zitrikoa, plater sortari ekiteko. Haragiaren presentzia nabarmena izango zela jakina zen baina lehen plater arrainez hornituak jendearen onespena irabazi zuen. Jarraian bai haragia. Mingaina, alberjinien akonpainamenduaren gainean. Ondoren, osobuko zati bat saltsez lagundua. Gozoa zen gaua eskaintzen ari zitzaiguna. Tertuliak ere atseginak. Bereziena, zinemari berari buruz aritzea sukaldaritzaren tenpluan. Ikusitako pelikulez, hauei buruzko iritziez, festibalean usnatutakoaz. Festibalari errepaso zabal bat eskaintzeko abagune ere bada Culinary Zinema sekzio bikaina. Txalokin eta esne gozodun izozkiek digestioan laguntzen ziguten bitartean, prest ginen gaueko azken solasaldiari ekiteko. Plazerez entzun ziren argentinarren proiektuari buruzkoak. Urondo beraren esperientzia bere aurrekarien bila Isaban edota Basque Culinary Center gisako zentro batean kozinatzeak suposatzen zionaz.
Bukatua zen gau erdirako Zinemaldi honi egin diodan kobertura. Saiatu naiz zinemara hurbiltzeko aukerarik izan ez dutenek bertan sentitutakoak jaso eta leitu zitzaten. Pribilegiatu hutsak gara aste bete osoz gure jarduna eten eta pantaila zuri bat bidelagun izateaz. Ez dadila orain eten amodio istorio hori. Jarrai dezagun aretora hurbiltzen, ugari baitigu zinemak kontatzeko. Mila esker.