Ancorak ondare historikoaren aurkako delitu bat salatu du Arte Ederrak eraikineko lanetan
Arte Ederren eraikina 2014an, jatorrizko kupula eraitsi aurretik.Lide Ferreira Sadek joan den astean ezagutarazi zuen datozen egunetan Arte Ederren eraikina estaltzen duten aldamio eta estaldurak kentzen hasiko dela. Hala, urria erdialderako ikusi ahalko dira zaharberritutako fatxadak. Ancorak, ordea, salatu du kontserbaziorako ustezko mugarri gisa iragartzen dena, “Espainian eta Europan bakarra den ondare baten ezkutuko eraispena” da. “Arte Ederren Jauregia jada ez da existitzen. Urriaren erdialdean erakutsiko dena ez da fatxada zaharberritua, baizik eta dekoratu faltsu bat, zeinaren ondoren Donostiako memoria kultural eta arkitektonikotik ordezkaezina den pieza bat ezabatu den”.
Eraikinaren udal fitxaren arabera lehendik zeuden baoak handitzea baimendu zen, fatxadak eraitsi gabe. Ancorak bideo batean jaso zuen langileek mailukadaz eraitsi zutela inguratzailea eta Hirigintza sailak onartu zuen plan bereziaren aurkako jarduera zela eta enpresa sustatzaileari azalpenak eskatu zizkion. Halaber, bertan egingo duten Hilton hotelaren proiektuak Ondare Alerta aktibatu zuen. UNESCOren aholkularitza erakundeak eman zuen, aurreikus zitekeen kultura hondamendi bati buruz ohartarazteko. Monumentuari eragindako kalteak baieztatu ondoren, Ancorak salaketa jarri du Ertzaintzan ondare historikoaren aurkako delitu batengatik, eta erantzukizunak argitzeko eskatu du.
Arte Ederrak eraikina Ramon Cortazarrek 1914an Parisko Gaumond Palaceren irudikatuz eraikia, Espainiako Estatuan gorde den zinematograforik zaharrena zen eta Lehen Mundu Gerra aurreko Europako zinema-jauregi bakanetakoa zen. “Gaur egun, ia ez da existitzen”. Gogoratu dutenez, lehenik, jatorrizko kupula bota zuten, Euskadiko Monumentu izendatu eta gutxira; ondoren, barrua erabat hustu zioten, eta azkenik, fatxadak eraitsi dituzte, Eraikitako Hirigintza Ondarea Babesteko Plan Berezian (HOEBPB) babestuta zeudenak. Egindako esku hartzea ondarea kontserbatzeko mugarri gisa aurkeztea “errealitatea faltsutzea” dela nabarmendu dute, izan ere, “oinarrizko hareharrizko harlanduek soilik irauten dute”. Gainerakoa, berria da. “Ia erabateko hondatzea da, eta Donostiako historia kulturalean berezia den eraikin baten galera konponezina”.
Hortaz, Sadek ziurtatzen duen kontserbazioaren adibide izatetik urrun, Ancoraren ustez, Arte Ederren kasuak hirian behin eta berriz errepikatzen den patroi bat berresten du: ondarearen ordez balio kulturalik gabeko pastitxeak jartzea (Perla, Norteko geltokia).


