Literaturaz eta naturaz gozatzeko piknika egingo dute igandean Gladys Enea parkean

Hirugarrenez, Liburu arteko piknika egitasmoa aurrera eramango dute igandean, hilak 5, Egiako Gladys Enea parkean. 0 et 5 urte arteko haurrak dituzten familiei zuzendutako jarduera da, eta ipuinak, abestiak eta ondarea ditu protagonista. Euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez familian gozatzeko pentsatua, Mestiza elkarteak antolatu du, udalarekin eta Cristina Enea fundazioarekin lankidetzan.
11:00etan hasita, Gladys Enea jauregiaren ondoko belardian egingo dute, ipuin, abesti eta bizikidetza goiz bat proposatzen du natura eta ondare ingurune batean. Ondoren, norberak etxetik ekarritako hamaiketakoa partekatuko dute. Saioa 13:00etan amaituko dute, Beraun Herri Abesbatzaren emanaldiarekin.
Udalak nabarmendu duenez, proposamen honek “gure hiriaren hiru ardatz nagusi batzen ditu: kultura-aniztasuna, naturarekiko maitasuna eta haurtzarotik balioak transmititzea”. Dibertsitate, Inklusio eta Ingurumen zinegotzi Iñigo Garcia Villanuevak adierazi bezala, “Donostiako haurrek ingurumenarekin eta ondarearekin konektatuko dituzten esperientziak bizitzea nahi dugu, lotura horretatik hiritartasun hurbilagoa, sentikorragoa eta konprometituagoa sortuko baita”. Aldundiko Kultura zuzendari Mari Jose Telleriak, berriz, nabarmendu du halako ekimenek “Ondarearen Europako Jardunaldien espiritua erakusten dute: ondarea txikitatik herritarrengana hurbiltzea, literatura, musika eta natura batuz. Ondarea heredatzen duguna ez ezik, kolektiboki eraikitzen duguna ere badela gogorarazteko modu bat da”. Izan ere, egitasmoa aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien parte da, aldundiak sustatua.