Palestinako genozidioa irmoki salatu dute EHUn

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) deituta, Israelgo Estatua Palestina herriaren aurka gauzatzen ari den genozidioa salatzeko elkarretaratze jendetsuak egin dituzte Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako campusetan. Ibaetako campusean, hain zuzen ere, jendetza elkarretaratu da, errektoretzak deitutako etenaldi instituzionalaren bueltan.
“Egoera lazgarria delako elkartu gara gaur EHUko hiru campusetan. Ez da nahikoa bakea aldarrikatzea herri oso bat gosez erailtzen denean, Nazio Batuen Erakundeak salatu moduan. Horregatik, isilik geratzea ez da aukera bat”, nabarmendu dute elkarretaratzearen amaieran irakurritako manifestuan. Donostiako mobilizazioan, Joxerramon Bengoetxea errektoreak eta Juana Goizueta Gipuzkoako Campuseko errektoreordeak irakurri dute manifestua, Fadwa Tuqan idazle palestinarraren Askatasuna poemaren irakurketarekin hasi dutena.
Unibertsitateko komunitatea interpelatu dute manifestuan: “Gure ardura etikoak eskatzen digu ezinbestean ahotsa altxatzea. Jasangaitza da Palestinako herriari eragiten ari zaion sufrimendua. Horregatik, aho batez salatzen dugu Israelgo Gobernua eta armada Gazan eta Zisjordanian praktikatzen ari diren apartheida, garbiketa etnikoa eta erailketa sistemikoa”.
Azkenik, “babesa” adierazi diote Palestinako herriari eta “babesa, miresmena eta esker ona” Gazara bidea egiten ari diren “42 ontzietako pertsona guztiei”, Israelen behin baino gehiagotan eraso duen Askatasunaren Flotilla gogoan izanez. Datu batzuk ere gogorarazi dituzte manifestuan, zehazki, 2023ko urriaren 7tik, 65.000 palestinar baino gehiago erail dituztela Israelgo Gobernuak eta armadak, 167.000 zauritu, 200.000 desplazatu eta Palestinako biztanleria guztia gosez hiltzera kondenatu dituztela.
Palestina, baita EHUguneko kongresuetan ere
EHUk Palestinarekin lotutako beste egitasmo baten berri ere eman du astelehen honetan, izan ere, Palestinaren inguruko kongresu batekin hasiko dute EHUgune topalekua. Egitasmo horrek lau kongresu izango ditu urritik abendura, eta Ragi Sourani abokatu palestinarrak parte hartuko du urrikoan; Israelgo estatua nazioarteko zigor epaitegiaren aurrean salaketa sustatu zuen Souranik.
“Palestina, militarismoa eta genozidioaz gain, EHUgune elkarrizketa eta hausnarketa guneak beste hiru biltzar antolatu ditu, abendura bitartean. Enplegu politikak eta gizarteratzea, autogestioa, eta Lemoiz izango dituzte hizpide”, gaineratu du unibertsitateak.