Sara Alonso korrikalaria munduko txapeldunorde gelditu da

Sara Alonso mendi korrikalari donostiarra bigarren gelditu zen pasa den ostiralean Canfrancen jokatutako Trail eta Mendi Korrikalaritzako Munduko Txapelketan. 45 kilometroko eta 3.650 metroko desnibeleko ibilbidea zuen probak, eta Alonsok 5:38.15eko denboran egin zuen.
Lasterketa osoan zehar, lehenengo bost lasterkarien artean joan zen donostiarra, pixkanaka aurrera eginez, bigarren helmugaratu arte. Soilik Tove Alexandersson izan zen aurretik, ibilbidea 5:04.20ko denboran osatu zuena.
Horrez gain, taldekako sailkapenean bigarren gelditu zen Alonsok ordezkatzen zuen Espainiako selekzioa, Alonsoren beraren eta gainontzeko taldekideen emaitzei esker. Izan ere, Ikram Rharsalla zortzigarren iritsi zen helmugara, Patricia Pineda hamahirugarren eta Maria Fuentes hamalaugarren.