Sei kultur laborategi eta zortzi pilula, Kontadoreseko eskaintza berrian

Bidebietako Kontadoresek udazken eta neguko ikastaro eskaintzaren berri eman du. Zehazki, 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako sei kultur laborategi eta zortzi pilula aurrera eramango dituzte bertan urria eta martxoa bitartean, eta, guztira, 85 ikaspostu daude. Antolatzaileen esanetan, proposamenak gazteen interesa, beharrak eta zaletasunak kontuan hartuta prestatu dituzte, baita haien “poltsikora egokitutako prezioarekin”.
Berrikuntza gisa, ohiko laborategi luzeez gain, formatu txikiko proposamenak ere badira eskaintzan. “Pilulak” izenarekin, arratsalde bat iraungo duten gai edo diziplina zehatz bati buruzko prestakuntza edo sorkuntza esperimentazioez gozatzeko aukera izango dira.
- Hells. Urriaren 30etik urtarrilaren 15era, ostegunetan, 18:30etik 20:00etara. Maria Delassek dinamizatua. Gehienez, hamabi partaide. Prezioa, 18-24 urte: 22,50 euro; 25-30 urte: 24,75 euro.
- El placer del teatro improvisado. Urriaren 18tik azaroaren 15era, larunbatetan, 17:00etatik 19:00etara. Julian Gilek dinamizatua. Gehienez, hamalau partaide. Prezioa, 18-24 urte: 12 euro; 25-30 urte: 13,20 euro.
- Con Branding y a lo loco. Azaroaren 19tik martxoaren 18ra, asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara. Carlos Ndungmandumek dinamizatua. Gehienez, hamar partaide. Prezioa, 18-24 urte: 48 euro; 25-30 urte: 52,80 euro.
- Dancehall. Urriaren 14tik otsailaren 10era, astearteetan 18:30etik 20:00etara. Andrea Vitoriak dinamizatua. Gehienez, hamasei partaide. Prezioa, 18-24 urte: 31,50 euro; 25-30 urte: 34,65 euro.
- Oinarrizko argazkilaritza analogikoa, azaroaren 4tik abenduaren 2ra, astearteetan, 17:00etatik 20:00etara. Paula Andionek eta Eneko Miguelezek dinamizatuta. Gehienez, zortzi partaide. Prezioa, 18-24 urte: 26,25; 25-30 urte: 28,80 euro.
- Mahaiondokoa: zeramikazko baxera laborategia. Urriaren 24tik urtarrilaren 23ra, ostiraletan, 17:30etik 20:00etara. Jone ZZ-k dinamizatua. Gehienez, hamar partaide. Prezioa, 18-24 urte: 60 euro; 25-30 urte: 66 euro.
Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gazteak programari esker, sexualitatea, ongizate emozionala eta begirada kritikoa landuko dira zazpi pilulatan. Era berean, Euskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin batera, emantzipazioa gaia lantzeko, Nire lehen katilua, nire lehen etxea pilula aurrera eramango dute. Urriaren 2an aurrera eramango dute, 18:00etatik 20:00etara. Saioa doakoa da eta gehienez hogei lagunek parte har dezakete. Gainerako pilulak, berriz, dantzari lotutakoak dira: afrodance, vogue, burlesque eta twerk.
Jardueren helburua gazteak mugimendutik, sormenetik eta euren ongizatetik erlazionatzeko espazioak sortzea da. Hortaz, laborategietan, nork bere burua ezagutzeko, taldean gozatzeko eta sormen prozesuak partekatzeko aukera izango dute partaideek.
Oro har, 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzenduak dira eta hirian erroldatutakoek dute lehentasuna. Edonola, 18 urtez azpikoek eta 30 urtez gorakoek ere parte hartzeko aukera izango dute, egokitzat joz gero eta plaza libreak egonez gero.