Ados Teatroak nahi gabeko bakardadeari buruzko '52 hertz' estreinatuko du ostiralean, Antzoki Zaharrean

Ados Teatroak ostiralean estreinatuko du 52 hertz antzezlana Antzoki Zaharrean. Urriaren 3an eta 4an euskarazko emanaldiak egingo dituzte, 19:30ean, igandean, berriz, gaztelaniazko estreinaldia gauzatuko dute, 19:00etan. Ikuskizuna zenbait kultur sorkuntza arlotatik nahi gabeko bakardadea lantzen duen Oihartzuna proiektuaren parte da.
Antzezle taldea Joseba Apaolaza, Ainhoa Aierbe eta Dorleta Urretabizkaia (paper berean txandakatzen dira), Martxelo Rubio, Amaia Irazabal eta Aitzol Iraola aktoreek osatzen dute, bakoitzak zenbait paper jokatuta.
Izenburuak erreferentzia egiten dio Ozeano Bareko zenbait lekutan atzemandako soinu bitxi bati, balea urdin baten hotsa dirudiena. Bale urdinak 10-39 hertz arteko frekuentziatan komunikatzen dira, beraz, bale bakarti horren ahotsa espeziearen entzumenetik kanpo dago. Jaiotzatik gorra izan litekeela uste dute adituek, eta horregatik ez duela inoiz ikasi frekuentzia egokian kantatzen. Bale bakarti horren metaforari heldu diote Jose Antonio Vitoriak eta Gabi Losadak antzezlana idazterakoan.
Testua osatzeko, bakardadeari buruzko lekukotzak bildu zituzten mikro dokumentalen eran. Hala ere, ez da testigantza antzezlana, kasu jakin batzuen isla edota kontakizun solteen batura. Lanketa dramatikoaren bidez, istorio horiek bilbe bat osatuko dute, hari batek beste batengan eragingo baitu, askotariko bakardadeak erakutsiz. “Ikuspegi poliedrikoa” eman nahi dute, gaiari buruz gogoeta eginarazteko xedez. Izan ere, bost pertsonatik bati eragiten dio herrialde industrializatuetan —gazteen lautik bati—. Egiturazko arazoa da, landa gunean nahiz hirigunean, adinekoen artean nahiz gazteen artean agertzen dena, eta bai osasunean bai bizi kalitatean eragiten du.