Aspace Eguna urriaren 4an ospatuko dute

Mugarik gabeko inklusioa lelopean ospatuko dute aurtengo Aspace Eguna Donostian, eta egitarau oparoa ondu dute egun horretarako: besteak beste, bazkaria eta adin guztietarako jarduerak, karaokea eta puzgarriak.
Gipuzkoako Foru Aldundian egin zuten ekitaldi instuzionala, atzo (hilak 29). Maite Peña, aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatu nagusia, Rosa Iglesias, Aspace Gipuzkoako lehendakaria eta Lourdes Etxaniz, Aspace Gipuzkoako zuzendaritza batzordeko kidea egon dira bertan. Peñak adierazi du Aspace Eguna “ospakizun hutsa baino askoz gehiago dela”, eta oso presente duela eguna.
Garun-paralisia duten pertsonen eta haien familien errealitatea ikusaraztea da egunaren helburua eta, aldi berean, “gizartearen konpromisoa indartzea”, inklusioarekin, aukera-berdintasunarekin eta aniztasunarekiko errespetuarekin. Egunak sentsibilizazioa, kultura, musika eta kirola uztartzen ditu. Iglesiasek dio egun hori “aldarrikatzeko egun bat” dela.
Sari hirukoitza
Aurten, hiru erakundek jasoko dute Aspalagun 2025 saria: Donostiako Orfeoiak, Musikenek eta Euskadiko Orkestrak. Sari banaketa urriaren 4an bertan egingo dute, Zuloaga plazan.
Etxanizek adierazi du, hala, aurten aitortza jasoko duten erakundeak Aspaceren kolaboratzaileak direla, eta urtero zabaltzen joango direla, “esker ona erakutsiz”. Dioenez, sariak helburu bikotza du: alde batetik, Aspace Gipuzkoako lagunen kopurua handitzea; eta bestetik, garun-paralisia duten pertsonak sostengatzen nabarmendu diren pertsona eta kolektiboei esker ona adieraztea.