Desazkunde turistikoaren aldeko Euskal Herriko topaketak egingo dituzte urrian

Turistifikazioarekin kezkatuta eta desazkunde turistikoaren alde lanean diharduten hainbat eragilek elkarlanean antolatuta, Desazkunde turistikoaren aldeko Euskal Herriko topaketak aurrera eramango dituzte urriaren 24an eta 25ean, Donostian. Euskal Herrian turistifikazioak askotariko formak hartzen ditu txoko bakoitzean sustatutako turismo ereduaren arabera. Hala, hiri, herri eta eskualdeen turistifikazioari aurre egiten dioten pertsonak eta taldeak elkartuko dira, indarrak batu eta desazkunde turistikoaren bidetik alternatibak lantzeko.
Bi eguneko egitarauan ikasteko, eztabaidatzeko eta estrategiak pentsatzeko tarteak egongo dira. Helburuak honakoak dira: elkar ezagutu eta harremanetan jartzea, Euskal Herriko ikuspegi orokorra eskuratzea, martxan dauden borroka, proiektu eta proposamenak ezagutuz; gogoeta kolektiboa egitea eta elkarlanerako aukerak identifikatzea, aurrera begirako elkarlanari oinarriak jarriz.
Egitaraua
Urriak 24, ostirala
- 18:30. Topaketetara eta Desazkunde Turistikora sarrera hitzaldia
- 19:00. Turistifikazioa eta etxebizitza larrialdia mahai ingurua
Urriak 25, larunbata
- 10:00. Hiri eta lurralde bizigarrien bila mahai ingurua
- 11:30. Atsedena
- 12:00. Tailerrak:
- Auzoak turismoak itotzeko arriskuan
- Zer dakar turismoak euskararentzat?
- Turismotik bizi, prekarietatean bizi?
- 14:00. Bazkaria
- 16:30. Tailerrak
- Beste opor eredu bat posible da?
- Kulturaren hiria, sukaldaritzaren herrialdea, kirolaren lurraldea… marka bat gara?
- 18:15. Epe labur, ertain eta luzean zer egin? tailerra.
- 19:45. Itxiera
- 21:30. Festa
Topaketetan parte hartzea doakoa izango da, baina aurrez izena eman behar da. Hitzaldi eta saio orokor guztietan bermatuko da euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez jarraitzeko aldibereko itzulpena. Informazio osagarria eta izen ematea.