Nisa Goiburuk arte eta poesia uztartu ditu 'Latires' erakusketan
Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxeak inauguratuko du ostiralean, urriaren 3an, 18:00etan. Zuzeneko performance artistiko bat izango du.

Ordiziako Nisa Goiburu artistaren mende erdiko ibilbidea jasotzen du Latires erakusketak, eta ostiraletik aurrera ikusi ahal izango da Gladys Eneako Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean. Hain zuzen ere, urriaren 3an inaugurazio ekitaldia egingo dute, doakoa eta publikoari irekia izango dena. Zuzeneko performance artistiko bat izango du, poesia eta musikaz lagunduta, baita egilearen obra baten zozketa bat ere bertaratutako pertsonen artean.
Erakusketa abenduaren 8ra arte egongo da ikusgai, eta pintura, eskultura eta poesia narratiboa uztartzen dituzten berrogeita hamar lan inguru biltzen ditu. Proposamen berezia da, eta pertsonen eta naturaren arteko loturari buruz hausnartzera gonbidatzen gaitu.
Berrogeita hamar urte baino gehiagoko ibilbideak Goibururen lanaren kalitatea bermatzen du. Goiburuk 1970eko hamarkadan ekin zion pinturari, Gladys Enea parkean, hain zuzen ere. “Erakusketa honek ilusio berezia egiten dit, alde batetik, artearen munduan berrogeita hamar urte baino gehiago direlako hainbat diziplinatan, hala nola pinturan, eskulturan eta poesia narratiboan, erakusketa honetan ikusten den bezala, eta, bestetik, gaztetan margotzen hasi nintzen lekura itzultzen naizelako, parkea jendearentzat itxita zegoenean eta bertan sartzen nintzenean bertako paisaiak, zuhaitzak eta natura marraztu ahal izateko”, adierazi Goiburuk.
Latires erakusketak Goibururen beraren eta erakusketa honetan espresuki parte hartu duen Joaquin Araujo naturalista eta idazlearen testu poetikoak biltzen ditu. “Koadro bakoitza biziari, zeharkatzen gaituzten pultsuei egindako deia da: giza taupada, haizearen xuxurla, itsasoko olatuak, landareen ernamuina edo urtaroen betiereko zikloa”, azaldu du artistak. Erakusketa begirada introspektibo batetik sortu da, etenaldi eta hausnarketarako borondatearekin. “Presa eta deskonexio garaiotan, ‘Latires’ erakusketak lurrarekin eta haren erritmoekin konektatzeko espazio bat irekitzen digu”, esan du Eneko Calvo Etxarte Cristina Enea Fundazioko erakusketa teknikariak.
Erakusketarekin batera, hainbat jarduera paralelo egingo dira erakusketaren aldian zehar, eta horiek hemen kontsultatu daitezke.