2,99 euroren truke aparkatu ahalko da urrian, hiriko sei aparkalekutan

Kanpaina berri bat jarri du abian Telparkek, Erdialdeko, Egiako, Groseko eta Parte zaharreko merkatarien elkarteekin elkarlanean: hiriko sei aparkalekutan 2,99 eurorengatik aparkatu ahalko da orain, hamabi orduz. Urriak irauten duen bitartean aplikatuko da promozioa, gaurtik hasita, hilaren 31era arte (biak barne).
Atotxako, Bulebarreko, Kontxako, Easo Plazako, Okendoko eta Katalunia plazako aparkalekuetan aplikatuko da neurria. Kanpaina honen helburua “bertako ekonomia bultzatzea eta zentrora sarbidea erraztea” dela azaldu du Telparkek; hala, aparkaleku horietako bitan – Atotxakoan eta Katalunia plazakoan – %60ko beherapena dakar neurria aplikatzeak.
Multipass bonuak
Erabiltzaileek 5, 10 edo 20 paseko Multipass bonua eskuratu ahal izango dute, Telparken aplikazioaren bitartez. Behin bonua erosita, nahikoa izango da matrikula sartzea, automatikoki aktibatu dadin sarbide eta irteera sistema, prozesua errazagoa izateko helburuarekin. Hala, tiketa hartu behar izatearena eta eskuzko ordainketa baztertuko dituzte.
Bonuek urtebeteko iraungitzea izango dute erosten den momentutik, eta Multipass-ean erregistratutako matrikula malgutasunez aldatzeko aukera eskaintzen dute.
Ekonomiari bultzada bat
Merkatarien elkarteentzat, “auzoetara eta ardatz komertzialetara publiko gehiago ekartzeko herraminta bat” da neurri berri hori, eta hiriko ekonomian eragiten duten komertzioei laguntzeko modu bat da.
“Kanpaina honi esker, aparkatzeak oztopo izateari uzten dio”, gehitu nahi izan du Telparkek. Hala nola barrerak eta aparkatzeko zailtasunak desagertzen dira, baita aparkatzeko prezio altuak ere.
Espero dute, hala, honek guztiak komertzioan positiboki eragitea. Izan ere, neurri honek ez die eragiten soilik behin behinean datozenei, baizik eta lanagatik edota ohiko bisitengatik datozenei ere, besteak beste, konponbide “praktikoago, merkeago eta irisgarriago” bat eskaintzen duelako.