Diego Fernandez-Montes omenduko du udalak
Gines Pujante, Juan Bautista Peralta eta Miguel Orenesen senideak eta udaleko ordezkariak egon dira ETAren hiru biktima horien omenezko plakak jartzeko ekitaldian.Beñat Parra Donostiako Udalak plaka bat jarriko du datorren larunbatean, hilaren 4an, 1978an ETAren biktima izan zen Diego Fernandez-Montesen omenez. Ekitaldi honekin, udalak duela bi legealdi terrorismoaren eta indarkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko bultzatutako ekimenaren barruan hirian jarri dituen 36 plaka batuko dira.
Ekitaldia 12:00etan izango da, Miramar kaleko 1. zenbakian. Beste batzuetan egin moduan, omenaldi xume bat izango da, eta bertan parte hartuko dute Eneko Goia Donostiako alkateak, udaleko taldeetako ordezkariek eta biktimen senideek.
Diego Fernandez-Montes Rojas, 63 urtekoa, Ciudad Realekoa (Espainia) eta bederatzi seme-alabaren aita, infanteriako koronel erretiratua zen, baina Kultura Ministerioaren Donostiako Ordezkaritzan lanean jarraitzen zuen, Miramar kalean. 1978ko abenduaren 17ko goizaldean, eraikin horren sarreran, ETAko bi kidek tiro egin zioten. Fernandez-Montes ospitalera eraman zuten, eta ordu batzuk geroago hil zen.


