Lau lagun atxilotu dituzte Donostian 300 gizonezkori iruzurra egitea leporatuta

Hiru gizonezko eta emakumezko bat atxilotu ditu Ertzaintzak Estatu osoko 300 gizonezko baino gehiagori iruzur eta mehatxu egiteagatik. Donostiatik jarduten zuten 19 eta 21 urte arteko ustezko delitugileek ahaidetasun eta kidetasun lotura dute; eta guztiei leporatu diete iruzur eta hertsatze jarraitu delituak gauzatzea eta talde kriminaleko kide izatea. Akusatuek ertzain etxean jarraitzen dute, eta beharrezko eginbideak amaitutakoan jarriko dituzte agintari judizialaren eskuetan.
Iragarki faltsuak argitaratzen zituzten harremanetarako edo zitetako plataformetan, horien bidez sexu zerbitzuak edo edukiak eskainiz, batez ere, gizonei bideratuta. Interesdunak eduki horietan sartzen zirenean eta harremanetarako zenbaki bat ematen zutenean, mezuak jasotzen zituzten inoiz egin ez ziren zerbitzuengatik aurrerapenak edo ordainketak eskatuz. Ondoren, xantaia egiten zieten, euren elkarrizketak edo kontratatutako zerbitzu motak gertuko senideei zabalduko zizkietela esanez. Askok “lotsagatik edo errepresalien beldur” ordaindu egiten zutela azaldu du Ertzaintzak.
Zazpi hilabeteko ikerketa
Donostiako ertzain etxeko agenteek egindako ikerketa otsailean abiatu zuten, taldeko burua atxilotu zutenean adin txikiko bati sexu erasoa egin izana leporatuta. Gertaera ikertzen ari zirenean, ertzainek egiaztatu zuten pertsona horrek erabiltzen zuen sare sozial baten profilean eduki erotikoa zuten emakumezkoen argazkiak agertzen zirela eta oso maiz aldatzen zirela. Baita akusatuaren abonatu zenbakiarekin harremanetarako iragarkien erreferentziak agertzen zirela eta horietan “escort” zerbitzuak eskaintzen zirela.
Donostiako 1 zenbakiko Instrukzio Epaitegiak ikuskatuta egindako ikerketari esker, delitu sarea osatzen zuten pertsonak identifikatu dituzte. 2022ko irailetik jarduten zuten delitu sare horretan. Gutxienez 300 pertsonari egin diete iruzur, eta hala, 55.000 eurotik gorako irabazi ekonomikoa lortu dute. Eremu kaltetuenak Kanaria Uharteak eta Galizia dira, bertan argitaratu baitzituzten iruzurrezko iragarki gehienak.
Ertzainek ikerketan lotutako banku mugimenduak, erabilitako telefono lineak eta gailuak aztertu zituzten. Analisi teknikoaren bidez deiak aurreordainketako hamabi bat telefono linearekin lotu ahal izan ziren eta egiaztatu zuten ordainketak jaso zituzten zenbakiak talde kriminaleko kideen kontuetakoak zirela eta antzeko beste salaketa batzuekin lotuta zeudela.