Zabaldu dute Mintzalaguna egitasmoan izena emateko epea

Ikasturte osoan zehar euskara praktikatzeko aukera emateko hauspotu dute Mintzalaguna egitasmoa BAGERA Euskaltzaleen Elkarteak eta Donostiako Udalak. Bertan, 300dik gora lagunek hartzen dute parte, soilik hirian.
Astean ordubetez euskaraz aritzeko prest dagoen norbaitekin elkartzea da kontua. Zaletasun desberdinak dituzte parte hartzaileek, eta horien guztien bueltan hartzen du zentzua egitasmoak, euskara ardatz duela. Eta euskaraz egiten badugu? da proiektuaren leloa, eta hirian zehar ibilaldiak eginez, mendira joanez, bizikletan ibiliz edota mahai jolasetan arituz egiten dute euskaraz izena ematen dutenek.
Euskararen alde, euskaraz
Antolatzaileek Mintzalagunak euskararen alorrean egiten duen ekarpena azpimarratu nahi izan dute: “Segurtasuna irabaziz, beldurrak uxatzen laguntzen die pertsona askori, poliki-poliki bere egunerokotasunean euskara erabiltzera animatuz”. Ezagutzaren eta erabileraren arteko jauzia “progresiboa eta segurua” izan dadin laguntzen du egitasmoak.
Mintzalagunan euskara praktikatu nahi dutenek B1 maila gaindituta izan behar dute, eta 30 euroko kostua du izena emateak. Hemen eman dezakezue izena.