Ehunka lagunek Palestina eta flotilla babestu dituzte Donostian
Bulebarrean hasi eta bukatu da Palestinaren aldeko manifestazioa.Joseba Parron San Sebastian Gazarako Mugimendu Globalak deituta, ehunka lagunek Donostiako erdiguneko kaleak bete dituzte ostegun arratsaldean, Palestinaren alde. Israelgo armadak bart Gazara bidean doan Global Sumud Flotillaren aurka gauzatutako erasoaren harira egin dute manifestazioa, eta flotillaren, Israelen aurkako boikotaren eta palestinar erresistentziaren aldeko oihuak izan dira nagusi, baita Israelgo Estatua gauzatzen ari den genozidioaren aurkakoak ere.
Bulebarretik abiatu da mobilizazioa, eta Andia kaleko Eusko Jaurlaritzaren egoitzara heldu direnean, hainbat manifestarik pegatinak jarri dituzte bertan, Jaurlaritzak berriki babestu duen CAF enpresa gipuzkoarrak Israelekin duen konplizitatea salatzeko.
Erdiguneko kaleak zeharkatu ostean, Bulebarreko kioskoan amaitu dute manifestazioa, oihu eta aldarrikapen artean. Amaierako irakurketan, Askatasunaren Flotillako ekintzaileen lana goraipatu dute, baita atxilotuen askatasuna aldarrikatu ere.
Era berean, Donald Trump AEBetako presidenteak berriki Gazarentzat aurkeztu duen plana baztertu, eta “exijitu” egin dute Gazara laguntza humanitarioa iristen uztea, genozidioarekin amaitzea eta “genozidioaren erantzule politiko eta militarren aurkako nazioarteko prozedura judizialak irekitzea”.
Horrez gain, salatu dute Israelgo Estatuaren “existentziak berak, mundua arriskutsuago” bihurtzen duela, eta, horregatik, entitate sionista eta genozidaren “suntsiketa” aldarrikatu dute. Gaineratu dute mendebaldeko hainbat estatuk Palestinako Estatua aitortu izanaren moduko pausoak “herriaren borrokaren fruitu” direla, eta, horregatik, borrokatzen jarraitzera deitu dute: “Herri langilearen elkartasunak ez dauka mugarik. Palestinar herriak eta erresistentziak tinko dirauen moduan, gure egitekoa da Israelen konplize guztiei bakerik ez ematea, munstro sionista desagerrarazi arte”.
Ildo horretatik, larunbatean (hilak 4) Iruñeko kaleak “betetzera” deitu dituzte herritarrak, “palestinar erresistentziaren alde, Israelgo Estatuaren desegitearen alde eta konplize guztien aurka”.


