Eneko Goia: hamarkada batez Donostiako alkate
EAJ Donostiako alkatetzara itzultzea lortu zuen alkatea izan da Eneko Goia. Hamarkada batek askorako ematen du: momentu on asko izan ditu Goiak alkatetzan, baina baita momentu txar asko ere.

Hamar urte bete ditu Eneko Goiak (Amara Berri, 1971) Donostiako alkatetzan, eta kargua utziko duela iragarri du ostegun goizean. Asko dira hamar urteotan Goiak berak eta hiriak bere alkatetzapean bizitakoak, tartean koronabirusaren pandemia. Argi-ilunak izan dituen ibilbidea osatu du politikari jeltzaleak.
Alderdiko gizon bat
Hasteko, nabarmendu behar da Donostiako EAJrentzat Goiak izandako garrantzia. Izan ere, 2015ean udal hauteskundeak irabazi eta alkate kargua hartu zuenean, EAJk ia 30 urte zeramatzan Donostiako alkatetza bere esku eduki gabe; zehazki, 1987tik, Ramon Labaienen garaitik. EAko Xabier Albisturrek eskuratu zuen alkatetza urte horretan eta Odon Elorza sozialistak 1991n.
Elorzak hogei urte pasatu zituen alkate lanetan, 2011n Bilduko Juan Karlos Izagirrek kargua hartu zuen arte. Urte horretako udal hauteskundeetan, hain zuzen ere, aurkeztu zen estreinakoz EAJko alkategai gisa Goia. 2015era arte itxaron behar izan zuen, ordea, alkate kargua hartzeko, orduan irabazi baitzituen lehen aldiz udal hauteskundeak, 29.000 boto inguru eta bederatzi eserleku lortuta —aurretik, sei zituzten jeltzaleek—. 2019ko udal hauteskundeetan, 5.000 boto inguru gehiago eta hamar eserleku lortu zituen Goiaren alderdiak (34.000 boto inguru), baina 2023an eten zen goranzko joera hori, 10.000 boto galdu baitzituen EAJk Donostian, nahiz eta alkatetza mantendu.
Donostiako udal politikagintzan murgildu aurretik, hala ere, hainbat kargu publiko izandakoa zen Goia. Gaztetan EGI gazte antolakunde jeltzalean militatutakoa, 2005ean murgildu zen politikagintza instituzionalean, Zuzenbide irakasle gisa zuen lana alde batera utzita. Eusko Legebiltzarrean eserleku bat lortu zuen urte horretan, baina handik bi urtera Gipuzkoako Foru Aldundira joan zen Markel Olanorekin batera, Bide Azpiegituretako diputatu izateko. 2011n lehen aldiz Donostiako alkategai izan zen arte mantendu zuen kargu hori, eta, 2015ean alkate kargua lortu zuenean, itzuli zen Donostiara bizitzera, Aian bizi baitzen orduan.
Argiak, ilunak, proiektuak eta esaldiak
Donostiako proiektu asko eta asko pasatu dira Goiaren eskuetatik, baina esanguratsuen artean lehenengoa 2016ko Europako Kultur Hiriburutza izan zen, alkatetza eskuratu eta hurrengo urtean iritsi baitzen hirian horrenbeste eztabaida sortu zuen egitasmo hori.
Horren ondoren, hala ere, asko izan dira bere agintaldian gauzatu edo aurrera egin duten proiektuak. Nabarmentzeko modukoa da Donostiako Metroarena, hirian kontrakotasun eta eragozpen handiak sortu dituelako urteotan, eta atzerapen eta gainkostu asko eta askoren ondoren, azkenean, argia ikusten hasia delako. Goiaren ustez, “hiriak aurrera egiteko” proiektu funtsezkoa da metroarena. Mugikortasunarekin jarraituz, aipatu beharrekoak dira Goiak “bideratutzat” jo duen AHTaren geltokia, Isuri Gutxiko Eremuaren ezarpena eta Erdialdeko zirkulazioaren antolaketan izandako aldaketa eta zalaparta ugariak.
Urumeako ibarreko auzoetako uholdeak saihesteko egindako lanketa ere nabarmendu behar da, donostiar askoren eta, bereziki, Loiolako, Txomiñeneko eta Martuteneko bizilagunen memorian ondo gordeta baitaude 2011ko uholde larriak, beste batzuen artean.
Era berean, Goiaren agintaldian bizi izan ditu Donostiak honako proiektu hauek: Santa Klara irlan Cristina Iglesiasen Hondalea esku hartze artistikoa jartzea, Zubietako erraustegia martxan jartzea, Bretxako merkatuaren eraberritzea eta kudeaketaren afera, San Bartolomeko merkataritza zentroaren proiektua bertan behera gelditzea, Arte Ederrak eraikin enblematikoaren afera desblokeatu eta Hilton luxuzko hotel bat izateko bidea hastea, Basque Culinary Centerren Manteoko egoitza berriaren eraikuntza (GOe), Eskusaitzetako eta Miramongo enpresa guneen handitzea eta Anoeta estadioaren birmoldaketa, besteak beste.
Turismoari dagokionez, hamar urteotan, gora eta gora egin du, nahiz eta azken urteotan zenbait erregulazio neurri hartu dituen udal gobernuak, hala nola, ostatu turistikoekiko moratoria. Asko dira turismoaren ondorioek eta etxebizitzaren prezioek donostiarrei euren auzoetan zahartzea ekiditen dietela dioten eragile eta norbanakoak, eta, horren harira, eztabaida handia sortu zuen esaldi bat utzi zuen Goiak historiarako, Eldiario.es-en emandako elkarrizketa batean: “Zure auzoan zahartu nahi izatea pixka bat apetatsua da”.
Horrez gain, etxebizitza ere aipatu behar da. Izan ere, etxebizitzaren prezioak, alokairuarenak zein erosketarenak, goranzko joera etengabean jarraitzen du hirian, nahiz eta, berriki, hiria tentsio handiko eremu izendatu duten. Etxebizitzaren aferan, askotariko garapenak daude udalaren mahai gainean, baina nagusia Loiolako kuartelena da, Goiaren udal gobernuak lortu baitu eremua udalaren esku gelditzea, 73 milioi euroren truk. Orain berrikusten ari diren hiri antolamenduko plan orokorrak (HAPO) markatuko du, hein handi batean, Donostiako etorkizuna hirigintzari dagokionean; besteak beste, horren bidez berreskuratu nahi du udal gobernuak Altzako Auditz Akular eremuan 3.000 etxebizitza eraikitzeko egitasmoa, Odon Elorzaren garaikoa dena. Proiektu horietako batzuek eta aipatu gabe gelditu diren hainbatek kontrakotasuna eta eztabaidak piztu dituzte hirian urteotan, eta, zentzu horretan, kexa batzuekin kritiko agertu izan da Goia, donostiar batzuek “ezezkoaren kluba” osatzen dutela esanez.
Halaber, ezin da aipatu gabe utzi Donostian kale egoeran dauden pertsonen kopuruak nabarmen egin duela gora urteotan —400 inguru dira orain, azken zenbaketaren arabera—, eta Goia alkate izanda debekatu ziola udalak Kaleko Afari Solidarioak (KAS) taldeari Egia auzoan elkartasunezko afariak banatzea.