[Eguneraketa] Eneko Goiak hilaren 16an utziko du alkatetza
Azken orduko albiste honi buruzko informazioa biltzen eta edukia osatzen ari gara.

Eneko Goia Donostiako alkateak bere kargua utziko du hilaren 16an politika orokorreko udalbatzarrean eta ez da 2027ko udal hauteskundeetara aurkeztuko. Alkateak 11:00etan egin du prentsa agerraldi bat, xehetasunak emateko. Adierazi duenez, beti izan du buruan bere alkatetza hamar urteko zikloa izatea eta sinetsita dago “une egokia” dela erabaki hau hartzeko. Goia 2015etik da Donostiako alkate, eta 2023ko udal hauteskundeetan irabazi zuen azkenekoz.
“Lasai” doala esan du Goiak, “alderdian harrobia” dagoelako eta “talde on bat gobernuan, programa on batekin”; baita bideratuta utzi dituelako Metroa, AHTren geltokia eta kuartelen operazioa.
Ez du zehaztu zein izango den bere ordezkoa, erabakia hartzeko eta ezagutarazteko ardura alderdiarena baita. Hurrengo urratsa, Groseko, Erdialdeko, Amarako eta Antiguako batzokien bilera izango da. Bertan, 2023ko udal hauteskundeetako zerrendetan zegoen hautagaietako bat proposatuko dute eta hilaren 16ko udalbatzarrean kargua hartuko du.
Argitzeke dago zeinek hartuko duen bere kargua, baina bere alderdiko, EAJko, bi zinegotzi daude aurreikuspen guztietan: Jon Insausti eta Olatz Iartza.