Eneko Goiak hilaren 16an utziko du alkatetza
"Lasai" doala esan du Goiak, "alderdian harrobia" dagoelako eta "talde on bat gobernuan, programa on batekin".

Eneko Goia Donostiako alkateak bere kargua utziko du hilaren 16an, politika orokorreko udalbatzarrean, eta ez da 2027ko udal hauteskundeetara aurkeztuko. Alkateak 11:00etan egin du prentsa agerraldi bat, xehetasunak emateko, nahiz eta ordurako hedabide batzuek argitaratuta zuten albistea. Adierazi duenez, beti izan du buruan bere alkatetza hamar urteko zikloa izatea eta sinetsita dago “une egokia” dela erabaki hau hartzeko.
Goia 2015etik da Donostiako alkate, eta 2023ko udal hauteskundeetan irabazi zuen azkenekoz. Zehazki, lau aldiz izan da Donostiako alkategaia, EAJ alderdiarekin, eta esan du ez zuela bere burua bosgarren aldiz hautagai gisa ikusten.
2011n ez zuen alkatetza eskuratu, orduan Bilduko Juan Karlos Izagirre izendatu baitzuten alkate. Aldiz, 2015eko, 2019ko eta 2023ko udal hauteskundeak irabazi zituen alderdi jeltzaleak Goia buru zuela, eta, beraz, hamar urte daramatza alkatetzan. 2023koetan, ordea, 10.000 boto inguru galdu zituen Goiaren alderdiak Donostian, eta EH Bilduri 1.000 boto eskas aterata irabazi zuen. Hamar urteotan, PSE-EErekin batera osatu du Goiaren alderdi jeltzaleak udal gobernua.
Hurrengo alkatea
“Lasai” doala esan du Goiak, “alderdian harrobia” dagoelako eta “talde on bat gobernuan, programa on batekin”; baita bideratuta utzi dituelako ere Donostiako Metroa, AHTaren geltokia eta Loiolako kuartelen operazioa. Zikloek “hasiera eta amaiera bat dutela argi izatea garrantzitsua” dela nabarmendu du alkateak, eta berak beti izan duela buruan “hamar urteko muga”: “Arriskutsua da inertzietan erortzea, eta garrantzitsuena hiri proiektuak dira”. Era berean, “errelebo ordenatu” baten garrantzia nabarmendu du.
Ez du zehaztu zein izango den bere ordezkoa, erabakia hartzeko eta ezagutarazteko ardura alderdiarena baita. Hurrengo urratsa, Groseko, Erdialdeko, Amarako eta Antiguako batzokien bilera izango da. Bertan, 2023ko udal hauteskundeetako zerrendetan zegoen hautagaietako bat proposatuko dute eta hilaren 16ko udalbatzarrean kargua hartuko du. Aurreikuspen guztien eta hedabide batzuek argitaratutako informazioaren arabera, Jon Insausti egungo Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzia izango da urriaren 16an Donostiako alkate kargua hartuko duen pertsona.
Kargua uzteko arrazoiei dagokienez, Goiak hainbat aldiz aipatu du “ziklo amaiera”. “Alderdiarengatik” egiten duela ere adierazi du, eta baita arrazoi pertsonalengatik ere, nahiz eta nabarmendu duen hori ez dela arrazoi nagusia. Alkatetzak, “higadura” dakarrela aitortu du, eta familiak ere arreta “merezi” duela: “Hori da berehalako etorkizunean egingo dudana”.
“Misioa beteta”
Hamar urteotan egindakoen artean, aipatu moduan, Goia bereziki harro agertu da Donostiako Metroaren lanak, AHTaren geltokiarenak eta Loiolako kuartelen operazioa “bideratuta” utzi izanarekin. Azken horri buruz, gogorarazi du udalaren aspaldiko nahia dela eremua hiriaren esku gelditzea eta bertan auzune berri bat eraikitzea: “Misioa beteta”, esan du, uztailean sinatu baitzituzten eskriturak.
Metroari dagokionez, “hiriak aurrera egiteko apustua” dela nabarmendu du alkateak: “100 urteko proiekzioa duen proiektua da, eta hiriaren eskala aldatuko duena, 350.000 biztanleko eremu metropolitanoa kontuan edukiz”. Aitortu du lanak “deserosoak” izan direla eta “etxe barruan borrokatu” behar izan duela proiektua gauzatzeko, baina “aurrera egiten jarraitzeko apustuak egiten jarraitu” behar dela nabarmendu du.
Dena itxita uztea “ezinezkoa” dela deitoratu du, ordea, eta “etxebizitza arloan datozen erronkak eta 2030eko Munduko Futbol Txapelketako egoitza izateak dakarren erronka” aipatu ditu, zentzu horretan. Turismoari dagokionez, bestalde, adierazi du bera alkate izanik aldatu direla Donostiako turismo politikak: “Hiriaren promoziotik, zaintzara”.