Flotillaren aurkako erasoa salatzeko manifestazioa egingo dute gaur

Global Sumud Flotillaren aurkako erasoaldia hasi zuen bart Israelgo armadak. Hogei bat ontzi atzeman zituen eta 200 bat ekintzaile atxilotu. Gainerako ontziek nabigatzen jarraitzen dute oraingoz. Erasoaren aurrean, Gazarako Mugimendu Globalak Euskal Herriko hiriburuetan manifestazioa deitu du gaur Bulebarretik abiatuta, 19:00etan. Palestinarekin Elkartasuna mugimenduak bat egin du deialdiarekin eta larunbatean, hilak 4, Iruñean egingo den manifestazio nazionalera parte hartzera deitu ditu herritarrak, “Israelen eta bere mendebaldeko konplizeen kontrako mobilizazioa eta borroka sutatzen jarraitzea” ezinbestekotzat jotzen baitu.
Gazarako Mugimendu Globala Euskal Herriak “irmoki” salatu du Israelgo armadak nazioarteko uretan Global Sumud Flotillaren aurka egindako atzematea eta erasoa, “pirateria ekintza eta nazioarteko itsas zuzenbidea urratzen den krimena”. “Behin eta berriro agerian geratzen da legezko marko oro baztertuta jarduten duen erregimen baten inpunitatea, sarraskiaren aurrean isilik dauden gobernu eta nazioarteko erakundeen konplizitatearekin”.
Flotillak laguntza humanitarioa zeraman eta helburu zuen Gazako Zerrendaren gainean ezarritako “blokeo kriminala” haustea. Gogoratu dute erasoa Palestinako herriaren aurkako genozidioaren testuinguruan gertatu dela: “Gaza hiria tankeek hartu dute, bonbardaketak etengabeak dira eta egunero hildako berriak gehitzen dira, milaka pertsona etxetik bortxaz lekualdatzen dituzten bitartean. Ofentsiba sistematiko honek herri oso bat apurtu eta bere existentzia ezabatu nahi du, mundu osoaren begien aurrean”.
Erasoaren aurrean eskatu dute laguntza humanitarioa “berehala eta segurtasunez” ematea Gazako biztanleriari, blokeo kriminala amaitzea, eta flotillako ekintzaileak eta tripulazioa “berehala askatzea”.