Goiaren erabakia «errespetuz» hartu dute gainerako udal taldeek
Egungo alkateak adierazpenak egin ostean, bere erabakiaren balorazioa egin dute beste lau alderdietako bozeramaileek.

Eneko Goiak alkatetza uzteko albistearen balorazioa egin dute EH Bildu, PSE-EE, PP eta Elkarrekin Donostia udal taldeetako bozeramaileek.
Ane Oiarbide alkateorde sozialistak aitortu du azken hilabeteotan erabaki horren “zurrumurrua” zabaltzen ari zela “hirian”, eta “lasai” agertu da legealdiari gelditzen zaizkion bi urteokin, EAJk eta PSE-EEk udal gobernurako akordioa egin zutenean “idatzita” utzi zutelako zeintzuk ziren “hiriarentzako lehentasunak”: “Gure ibilbidea jarraituko dugu, orain arte egin dugun moduan”.
Juan Karlos Izagirrek (EH Bildu) aurreikusi du “jarraikortasuna” izango dela nagusi hurrengo bi urteetan, alkatea aldatuta ere, “hiriak ez duelako norabidea aldatuko”. Norabidea ez aldatzea “larritzat” jo du Izagirrek: “Kezkatuta gaude gobernuak azaltzen duen hiriaren egoeraren eta herritarren pertzepzioaren artean dagoen alde handiarengatik”. Ildo horretatik, Goiaren “autokritika falta” gaitzetsi du.
Borja Corominasek (PP), bestalde, adierazi du gaurkoa “Eneko Goiari eskerrak emateko eguna” dela, “hiriarekin eta bere bizilagunekin urteotan izandako konpromisoarengatik eta egindako lanarengatik”. Egindako lanagatik “zoriondu” ditu Goia bera eta alderdi jeltzalea, pertsona guztien ibilbideak “argi-ilunak” baditu ere, Goiaren “konpromiso eta higadura pertsonala” balioan jartzeko eguna dela uste duelako.
Victor Lasa (Elkarrekin Donostia), aldiz, kritikoago agertu da Goiaren ibilbidearekin, “erabakia errespetatu” egiten duela nabarmendu badu ere: “Bere legatuaren balorazioa negatiboa da, etxebizitzaren egoera katastrofikoa delako hirian, udal gobernu honen erabakien ondorioz. Gainera, etengabe hazten den marea turistiko bat daukagu, herritarren bizitza gero eta zailago bihurtzen ari dena”. Etorkizunari buruz, “jarraikortasuna” aurreikusi du, bere ustez, kargua hartzen duen pertsona “Sabin Etxearen delegatu bat” izango delako, “Goia izan den moduan”.