ItsaSOS kanpainaren emaitzak: 3.300 hondakin baino gehiago jaso dituzte, gehienak, zigarrokinak

Ingurumena eta hezkuntza bultzatzen ditu ItsaSOS ekimenak; izan ere, hondartzak eta kostaldeko inguruneak garbitzea da helburua, herritarrenganako sentsibilizazioa eta zientzia baliatuta. Aurtengo udan, ehun boluntario baino gehiago aritu dira garbiketan, eta 3.307 hondakin-unitate bildu dituzte Donostiako kostaldean.
Herritarrek inplikazio handia izan dute lan horietan, eta Iñigo Garcia Inklusioko eta Ingurumeneko zinegotzi ordezkariak, hala, Donostia “ingurumenarekin konpromisoa duen hiria” dela azpimarratu nahi izan du: “Hondartzak garbi edukitzea guztioi dagokigun kontu bat da”. Iraunkortasuneko diputatu Jose Ignacio Asensiok ere kanpainari balioa eman nahi izan dio: Gure itsasertza zaintzea funtsezkoa da itsasoko biodibertsitatea babesteko, klima larrialdiaren aurka borrokatzeko eta Gipuzkoa etorkizuneko lurralde izatea bermatzeko”.
Murgita, Ondarreta eta Kontxa
Aurten, hiru lekutan ibili dira garbiketa lanetan: Murgitako kalan, Ondarretan eta Kontxan. Murgitan, 207 hondakin zenbatu zituzten; haietatik % 80 baino gehiago plastikozko sareak eta sare puskak ziren. Ondarretan, mota askotako 940 objektu bildu ziren, zigarrokinak, gehienak. Kontxan, azkenik, zigarrokinak bildu zituzten, baita ere: 2.200 baino gehaigo, zehazki.
Bildutako hondakin horiek agerian uzten dute eguneroko kontsumoak (erretzea, jatea, edatea edo festak egitea) hiriko hondartzetan uzten duen arrastoa. Izan ere, itsasora iristen badira, “efektu hilgarriak dituzten substantziak” askatzen dituzte.