Astebururako planak hirian, hotzari aurre egiteko

Udazkenak ere badakartza plan berriak hirira, hotzarekin batera. Jaien azken txanpan sartuko gara laster, asteburu honetan tregoa pixka bat emango diguten arren; izan ere, datorren astean amaituko baitira auzo eta herrietako jaiak, Martuteneko eta Amara Berriko Super Xagu jaiekin (astekarian dauzkazue egitarauak, bide batez). Bitartean, antzezlanak, kontzertuak eta azokak egongo dira asteburu honetan, besteak beste. Hona hemen pintzelkadatxo batzuk!
Ados Teatroak bakardade testigantzetan oinarritutako antzezlana oholtzaratuko du, Antzoki Zaharrean: 52 ertz. Sarrerak 16 eta 22 euroan salgai. Gaur, ostirala, eta bihar eskainiko dituzte emanaldiak.
Zinemaldia amaitu da, baina ez da amaitu, ordea, zinemaz gozatzeko aukera; Alberto Martin Menachok zuzendutako Antier Noche filma ikusgai jarriko dute, bihar, Tabakaleran. Sarrerak aretoan bertan eskura daitezke, 4 euroan.
Udazkenarekin batera, udazkeneko koloreak eta zaporeak: Perretxiko Festa egingo dute Loiolan igandean, Mikologia Jardunaldiei amaiera emateko. 10:00etatik hasita 14:00etara bitarte egingo dute, eta informazioa astekarian duzue.