Gizonezko bat atxilotu dute Amaran, genero indarkeriagatik

36 urteko gizonezko bat atxilotu du Ertzaintzak Amaran bart goizaldean, bikotekide ohiak jarritako urruntze agindua urratu eta bere etxean erasotzea leporatuta. Epaitegitik pasatu ondoren espetxera bidali zuen epaileak.
Ustezko lapurreta baten abisua jaso zuten agenteek, eta hari erantzutera joan zirenean konturatu ziren genero indarkeriako gertakari baten aurrean zeudela. Emakume batek ireki zien atea, esanez “eraso fisiko bat” jasan zuela; erdi zorabiatuta utzi zuen gizonak emakumea, eta indarrez atxiki zuela salatu zuen, kanpora irteten utzi ezinik. Poliziak jakin duenez, pertsiana bat eskalatuta eta leihotik salto eginda sartu zen gizona emakumearen etxera, azken honen baimenik gabe.
Kutxa batean ezkutatuta aurkitu zuten agenteek gizona, eta “modu larrian” egin zien aurre hauei, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Hori eta gero atxilotu zuten, epailearen agindua urratzea, genero-indarkeriaren esparruko ustezko lesio delitua eta hertsapena eta etxebizitzan indarrez sartzea leporatuta.