Jon Insausti izango da Donostiako alkate berria

Atzo iragarri zuen Eneko Goia hiriko alkateak aginte makila uzteko erabakia hartu duela, eta Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotzia zen bere erreleboa hartzeko hautagairik entzunenetakoa; bada, gaur goizean konfirmatu du EAJk, Zuloaga plazan egindako ekitaldian, Insausti izango dela alkate, Goiaren agintaldia amaitu bitartean. Gainera, 2027ko hauteskundeetarako hautagaia ere izango da Insausti.
Odon Elorzak bezala, Insaustik 36 urterekin hartuko du kargua, Elorza hilabete batzuengatik gazteagoa izan arren. “Hiriaren historia idazten jarraitzeko indarrez eta kemenez” iristen den “belaunaldi berria” ordezkatzen duela dio Insaustik.
GBBko lehendakari Maria Eugenia Arrizabalagak, duela urtebete baino gutxiagotik betetzen duen karguan hartutako lehen erabaki handian, alkate berriaren alde egin du, eta osoko bilkura batean berretsi beharko da. Tarte labur batean, Nekane Arzalluz egungo lehen alkateordeak hartuko du kargua, “halabeharrez”.
Ekitaldia Zuloaga plazan izan da, San Telmo udal museoaren eta Principe Antzokiaren ondoan. Insausti hazi den kale eta plazak dira, azaldu duenez. Orain Altzan bizi da. Goiak ez du hitza hartu, baina Arrizabalagak “lan handia eta ona” egin duela azpimarratu du, udalean izan den hamarkadan. EH Bilduren “paralisi” eta “zatiketa” garaia amaitu zuen, eta “asmatu” egin du, oro har, bere agintaldietan, eta orain bereziki, ziklo bat amaitu ostean “erreleboari beldurrik ez diolako”. Ekitaldiak galderarik izan ez duenez, ezin izan da jakin bat-batean eta une honetan espero ez den irteera baten historia.






