Lubaki infinitu bat?

MASPALOMAS
Zuzendaria: Jose Mari Goenaga eta Aitor Arregi · Urtea: 2025 · Herrialdea: Euskal Herria
Igande euritsu bat Donostian, Zinemaldiko lehen asteburuan. Goizeko lehen filma, 08:30ean hasten den meza berezi hori. Ikusmira nagusi, eta K1ak dituen eserleku denak beteta. 1.806 ikusle, ohe batean etzanda elkarri beroa ematen dioten bi gizon adinduei begira. Ederra egin dute, berriro ere, Moriartitarrek.
Goenagaren jatorrizko gidoiarekin, Maspalomas-ek Bixente adineko gizon homosexualaren istorioa azaleratzen du. Zehazki, zaharren egoitza batean sartzen dutenean, «armairura itzultzea» erabakitzen duen unetik hasita. Izan ere, lana, konfinamendu psikologikoei (eta fisikoei) eta ezabatutako identitateei buruzko istorioa da –Zer da armairu bat? Inoiz irteten al zara guztiz bertatik? Armairu bakarra al dago?–. Bestela esanda, itzulera biren inguruko kontakizun mingarri adina esperantzagarria: behinola atzean utzitako etxea eta jada izan nahi ez duzun pertsona horretara itzuli beharrarena.
Kanaria uharteetako paraje bizi, aske eta koloretsuak, Euskal Herriko paisaia itzaltsu, zurrun eta, tarteka, itogarriekin kontrajarri ditu filmak. Norberaren erroak, zaintza lanak, lotura afektiboak, kargak… horiek denak ukitzen dituen arren, ez da gizarte egitura baten dinamikak zalantzan jartzea bilatzen duen film bat. Hirugarren adineko sexuari buruz hitz egiten du, bai; askorentzat ikusezin diren desira horiek jartzen ditu erdigunean. Baina, zorrotz begiratuz gero, ulertuko dugu harago doala; bat-bateko aldaketa horrek, egoitzak berak, honen funtzionamenduak, gizartea mehatxatzen duen indarkeria ikusezin baten metafora irudika lezakeela. Ohar gaitezen abisu inplizitu horrekin: konkistatutzat jotzen ditugun horiek kolpez gal ditzakegu, egun batetik bestera.
Moriartitarrek bere hastapenetako –80 egunean (2010); Loreak (2014)– zinema sakon, gizatiar eta hunkigarria berreskuratu dute, eta zorioneko gu, taldearen lan onenarekin topo egin dugun ikusleok. Bere ohiko erregistrotik oso urrun dagoen pertsonaiaren azalean ipini da Jose Ramon Soroiz aktore eskarmentuduna, eta a zer nolako ausardia. Guk –ikus-entzule euskaldunok– bagenekien, baina nazioartera helduko da, ziur, bere interpretazioaren distira.
Zinez eskertzekoa da «etxekoa» sentitzen duzun aktore bat berriro aurkitzeko aukera edukitzea, eta are gozagarriagoa bilakatzen esperientzia, harekin batera, inoiz hutsik egiten ez duten Nagore Aranburuk eta Kandido Urangak betetzen badute pantaila. Zinemaldiko palmaresak ere islatu du distira hori, eta ez da harritzekoa.
Joan ikustera.