Onddo zaporearekin iritsi da udazkena, beste behin, Loiolara
Irailaren 2an eman zieten hasiera Loiolatarra elkarteko kideek aurtengo Mikologia Jardunaldiei. Jarduerak, ordea, igande honetan amaituko dira, hilak 5, Perretxiko Festarekin. Patxi Lagok eta Txus Orcajok eman dizkigute xehetasun guztiak.

Istorio horiek guztiak kontatzeaz arduratuko dira Patxi Lago Titin eta Txus Orcajo, aurtengo Loiolatarrako Mikologia Jardunaldietan. Irailaren 2an hasi zuten 25. aldia, Loiolako kultur etxearekin kolaborazioan, eta, geroztik, hainbat jardueratan egon dira mugilduta, jo eta su. Azken urteotan, izen handiko mikologian adituak izan dituzte bidelagun; Daniel Palacios mikologoak zuzendu eta eskaini ohi izan ditu ikastaroak, baina, aurten, Lagok eta Orcajok hartu dute ardura hori: «25 urte hauetan eskola magistralak izan ditugu; bada garaia loiolatarrok hartzeko honen guztiaren ardura», adierazi du Lagok.
1999an hasi ziren jardunaldiak antolatzen, Loiolatarra elkartearen 75. urteurrenean. Hasieran, oparoagoa zen uzta, elkartean hainbat afari egiteko adina jasotzen zuten. Orain, berriz, oparoagoa da mikologian interesa duen jendea, uzta bera baino: «Gure errua eta gure meritua da, hein batean!», esan du Orcajok, barrez. Eurek piztu izan dute interes hori auzoko jendearengan, eta landatutakoak, normalean, fruituak ematen ditu.
Mikologian hastapenak
Mikologian hastapen ikastaro bat da eskaintzen dutena, eta Loiolako kultur etxean egiten dute. Aurten, plaza guztiak beteta dituztela, azaldu dute ez dietela ikasleei burua hitz teknikoz bete nahi, baizik eta «benetan oinarrizkoa dena» erakutsi: onddo bat jangarria den edo ez identifikatzen, esaterako. «Ikusten, ikasten eta egiten» pasatu duten denborarengatik daude prest orain, horrelako ikastaroak eskaintzeko: «Zaleak gara, baina Palaciosen moduko handiengandik ikasi dugu», esan du Orcajok.
Onddoekin hamaika gauza egin daitezkeela demostratu nahi dute ikastaroan, ez dela kozinatuta soilik jan daiteken zerbait; irinak, ozpinak eta bestelakoak ere egiten erakutsiko diete ikasleei. Sukaldaritzarekin lotuta, ordea, beste ekintza bat dute aurreikusita jardunaldiek: sukaldaritza tailer bat eskainiko du gaur Basque Culinary Centerreko Jorge Bustamante chefak, Loiolatarra elkartean. Onddoak nola kozinatzen diren ikusi, eta dastatzea da kontua. Esfortzurik gabe, gozatzeko helburuarekin, soilik.
Egurrezko onddoak
Josean Ruiz loiolatarrak kozinatu ez, baina egurrarekin zizelkatzen ditu onddoak. Aspalditik du gustuko mundu hori, eta egurrezko piezen bitartez sortzen du bere propioa. Aurtengo jardunaldietan, ordea, publikora zabaldu ditu bere obrak, eta kultur etxean daude ikusgai, hilaren 17ra arte. Ruizek ez du obrarik saltzen, are gehiago, gertukoei oparitu izan dizkie bere eskulturak. Erakusketa egiteko, adibidez, pieza batzuk berreskuratu behar izan ditu, eta denak batera ikustean emaitza «polita» dela aitortu du.
Loiolatarrako kideek Ruizen lana ikusarazi nahi izan dute erakusketarekin, auzoko jendea ere jardueretan, nolabait, integratzeko asmoz.
Azken ukituak
Egunotan basoetan aurkitzen dituzten perretxiko guztiak sailkatzeko unea izango da bihar, igandeko egun handirako: Perretxiko Festa. Loiolak bizi duen egunik «politenetariko» bat izan ohi da, eta azken ukituak emateko garaia izaten da bezpera. Artikutza, Aralar, Urbasa, Jaizkibel… inguruko baso eta mendietatik ekartzen dute igandean erakutsiko duten edukia.
Hezetasuna eta tenperatura egokiak lagun, motxila hartu (orain perretxikoak hartzeko motxilak existitzen direlako, dirudienez) eta, ahal bada, ilargi berria dagoenetan murgiltzen dira basoan barrena. Ilargi berritan ateratzen direlako onddoak. Hala diote, behintzat. «Tira, hori kondaira bat besterik ez da».