Udalak euskarazko jolasak antolatuko ditu hiriko 22 jolasgunetan

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak Parketarrak egitasmoari jarraipena emango dio hiriko hemeretzi auzotako 22 jolasgunetan. Lehen saioak astelehenean, urriaren 6an, izango dira, Altzan, Bidebietan, Morlansen eta Añorgan, eta haurrak kalean eta parkeetan jolasean ari direnean, euskara erabiltzea izango da helburu nagusia.
Egitasmo hau bi programatan banatuta dago: bata, Zabu-zibu, 3-5 urte bitarteko haurrentzat eta beraien arduradunentzat; eta, bestea, Txirrintxon, 6-9 urte bitarteko haurrentzat. Hala ere, parte-hartzaileak ez dira bakarrik arituko jolasean, jolasgune bakoitzean bi dinamizatzaile izaten baitituzte, jolasak musikaren laguntzaz gidatzeko. Udazken honetako saioak urriaren 6tik 24ra antolatuko dira doan 22 jolasgunetan biltzen diren haurrekin.
Leku hauetan egiten da Parketarrak egitasmoa: Aiete, Herrera, Altza-Casares, Antigua, Añorga, Amara-Olaeta, Amara-Araba parkea, Amara-Rafael Ruiz Balerdi pl., Bidebieta, Easo-Arroka pl., Egia-Martin Santos pl., Egia-Atotxa Zelaia pl., Gros-Katalunia pl, Gros-Nafarroa Behera pl, Ibaeta, Intxaurrondo, Loiolako Erribera, Martutene, Morlans, Parte Zaharra Zuloaga plaza., Txomiñenea eta Zubieta.
Parketarrak urteko hiru sasoietan antolatzen da: martxoan, maiatzean eta urrian. Uda aurreko saioan, maiatzean, parte hartzaile asko izan zuek ekimenak, hiru asteren buruan, 982 haur eta 230 guraso jolasean aritu baitziren. Datuok agerian uzten dute ekimenak harrera ona duela parkeetara jolastera joaten direnen artean.