Zabaldu dute ‘Hamaika entzuteko!’ irrati piezen lehiaketarako izen ematea

Hamaika entzuteko! lehiaketak XI. edizioa du aurtengoa, eta Donostia Kulturak zabaldu du, dagoeneko, izena emateko aukera. Irrati piezen sorkuntza bultzatzen du lehiaketak, eta gehienez hamabost minutukoak izan daitezke aurkeztutako piezak, gai askearekin.
Irrati-fikzioa, irrati-kazetaritza, erreportajea, dibulgazioa… dena delakoa ardatz hartuta, originaltasuna, sormena eta interesa izango ditu hizpide epaimahaiak. Donostia Kulturak erabiltzaileen zerbitzura jarriko ditu estudioak eta baliabideak, parte hartzaileek nahi izanez gero.
Bi sari egongo dira: irrati pieza onenaren saria (800€) eta euskarazko irrati pieza onenaren saria (600€). Azaroaren 19ra arte dago piezak bidaltzeko aukera, dkirratia@donostia.eus helbidean.