Amarako eraso matxista gaitzetsi du udalak

Hilaren 3ko goizaldean gertaturiko eraso matxista gaitzetsi du Donostiako Udalak eguerdian, Alderdi Ederren. Ertzaintzak 36 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Amaran, bikotekide ohiak jarritako urruntze agindua urratu eta bere etxean erasotzea leporatuta. Epaitegitik igaro ondoren, epaileak espetxera bidali zuen.
Udaleko Bozeramaileen Batzordeak hilaren 3an bertan salatu zuen eraso sexista ohiko erakunde adierazpenaren bidez. Gaur, elkarretaratzearen ondoren, Eneko Goia alkateak adierazpenak egin ditu: “Indarkeria kasu baten berri izan genuen pasa den astean. Bere ohiko bikotekideak urruntze agindua urratu eta eraso egin zuen. Bozeramaileen Batzordeak ohiko erakunde adierazpena onartu zuen, biktimari elkartasuna adierazteko eta gertaturikoa gaitzesteko. Berdintasunaren alde lanean ari bagara, segurtasuna da bermatu behar duguna”.