Auzolanean garbitu dute Altzako kiroldegiaren eta eskolaren artean utzita dagoen parkea

Altzako kiroldegiaren eta Harri Berri-Oleta ikastetxearen arteko lursail txiki bat hesituta eta erabat utzita dago, duela hainbat urte, eta altzatarrek denbora asko daramate Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzari eremua txukun mantendu eta behingoz irtenbide bat eman diezaiotela eskatzen.
Erakundeen esku hartze faltaren aurrean, ordea, hainbat auzotarrek auzolanean garbitu zuten eremua. Hain zuzen ere, sastrakak, adar eta hosto eroriak eta, oro har, zikinkeria kentzen aritu ziren, erakundeek lursailari irtenbide bat eman bitartean, behintzat, txukun egon dadin eta ez dadin horrenbeste zikinkeria pilatu. Horrez gain, sinadurak biltzen ere aritu ziren, udalari berriz ere eskatzeko eremua garbitu dezala.
Amiantoa
Gogoratu behar da bere garaian amianto material kutsakorra detektatu zutela inguru horretan, eta udalak apirilean hedabide honi azaldu zionez, hori dela lursaila hesituta egoteko arrazoia: “Amiantoaren presentzia dela eta, Eusko Jaurlaritzari dagokio esku hartzea, nahiz eta garbiketa udalak egingo duen. Horretarako, diru sail bat dago jasota aurrekontuan, baina Eusko Jaurlaritzaren baimenaren zain gaude, eta, diotenez, maiatzerako irits daiteke baimen hori“. Maiatza aspaldi pasatu da, ordea, eta eremuak utzita jarraitzen du.
Jarraian, auzolaneko hainbat argazki ikus ditzakezue:






