Errondo pasealekuko hainbat zonatan aparkatzea debekatuta, ostiralera arte

Gipuzkoako Foru Aldundiak dilatazio junturak ordezkatzeko eta konpontzeko lanak egingo ditu egunotan GI-20 saihesbidean, eta horrek eragina izango du Amara Berriko Errondo pasealekuaren inguruan. Zehazki, GI-20-9-2-S bide adarrean dagoen zubibidean egingo dituzte lanak, Errondo pasealekuko bertikalean.
Hori dela eta, aparkatzea debekatuta egongo da hiru eremu hauetan: futbol estadiorako noranzkoan, eskuinaldean, 23 metroko zatian; Udaltzaingoaren komisariaren biribilgunerako noranzkoan, eskuinaldean, hamahiru metroko zatian eta zubibidearen azpian dagoen aparkalekuan, 32 metroko zatian. “Hondatutako junturak kentzerakoan, gerta liteke obra hondakinak edo materialen bat errepidera erortzea”, azaldu du aldundiak.
Gaur (hilak 6) hasi dituzte lanak, eta bost egunetan bukatzea aurreikusten dute, hau da, ostiralerako. 08:00etatik 17:00etara arituko dira lan egiten egunotan.