Euken Alberdi patinatzailea euskal abesti batekin lehiatu da lehen aldiz nazioartean

Euken Alberdi izotz patinatzaile donostiarrak 2025-2026ko denboraldiko sasoiko lehenengo lehiaketan parte hartu zuen pasa den astean, Bratislavako (Eslovakia) nazioarteko lehiaketan. Kirol ikuspegitik, lortutako emaitza ez zen bereziki nabarmentzekoa izan, 22. postuan gelditu baitzen. Aldiz, nabarmentzekoa da euskal abesti batekin lehiatu zela Alberdi, lehenengo aldiz izotz patinajeko nazioarteko lehiaketa batean, donostiarrak berak sare sozialetan azaldu duenez.
Zehazki, Ken Zazpi taldearen Itsasoa Gara abestiarekin sortutako koreografia batekin lehiatu zen Alberdi Eslovakian, eta pozik agertu da horregatik: “Uste dut lehen aldia dela norbaitek euskarazko abesti batekin patinatzen duela nazioarteko lehiaketa batean, eta horrek asko esan nahi du niretzat, are gehiago programa hau Gaizka Madejon eta Nerea Vazquezekin batera sortu nuelako”.
Alberdik parte hartuko duen hurrengo nazioarteko lehiaketa hilaren 23tik 26ra izango da, Lausanan (Suitza), eta maila hobetzea espero du donostiarrak: “Oraindik lana dago egiteko, maila teknikoan zein adierazkorrean, eta denboraldi honetan haratago joatea da nire helburua”.