Easo kaleak irisgarritasun araudia betetzen ez duela salatu du Elkartuk
Desgaitasun Fisikoa duten Gipuzkoako Pertsonen Federazio Koordinatzaileak "exekuzio okerra" egin dutela dio, baita hiriko oinezkoen pasabideetan uniformetasuna falta dela ere.

Desgaitasun Fisikoa duten Gipuzkoako Pertsonen Federazio Koordinatzaileak (Elkartu) berritutako Easo kaleko oinezkoen pasabideak “gaizki egin direla” salatu du hedabideetara bidalitako idatzi baten bidez. Azaldu dutenez, “exekuzio okerra” egin dute, eta zero kota izan beharrean, diseinu berriak eskailera mailak eta hesiak sortzen dituzten gaizki egindako beheramenduak ditu.
Edonola, Easo kalearena “kasu isolatua” ez dela nabarmendu du Elkartuk, hiriko oinezkoen pasabideek ezaugarri “desberdinak eta kontraesankorrak” baitituzte: “ibi bakoitza irizpide desberdinekin egiten dela dirudi, baita bidegurutze beraren barruan ere”. Uniformetasun falta horrek nahasmena, oztopoak eta segurtasun falta eragiten dizkie ibilbide irisgarriak eta aurreikusgarriak behar dituztenei, hala nola, mugikortasun urriko pertsonei, gurpil aulkien erabiltzaileei, taka-takei, haur orgatxoak darabiltzanei edo mugikortasun pertsonalerako gailuak dituztenei.
Hori horrela, udalari eskatu diote idatzi baten bidez esku har dezala Easo kalean indarrean dagoen araudia betetzen ez dutenak zuzentzeko eta hiriko oinezkoen pasabideetarako “eredu argi eta uniforme bat” ezartzeko; horren bidez, espazio publikoaren erabileran herritarren autonomia, segurtasuna eta berdintasuna arriskuan jartzen dituen kudeaketa “kaotiko” bati amaiera emanda.