GOe eraikineko bisita gidatuetan izena emateko epea ireki dute

Ziztu bizian eraiki dute Basque Culinary Center erakundearen (BCC) Manteoko Gastronomy Open Ecosystem (GOe) eraikina, eta, hain zuzen ere, hilaren 20an inauguratuko dute. Horren aurretik, ordea, herritarrentzako bisita gidatuak antolatu dituzte, hilaren 17rako, eta horietan parte hartzeko epea irekita dago, hemen.
“Egunean zehar, bost bisita antolatuko dira, euskaraz eta gaztelaniaz. Guztira, 1.000 lagunek bertatik bertara ezagutu ahal izango dituzte gune nagusiak eta bertan egingo den jarduera, eta, hala, lehen eskutik ezagutuko dituzte GOe-ren filosofia eta hark etorkizuneko prestakuntzaren, berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta gastronomiaren alde egindako apustua”, azaldu du BCCk berak. Ordutegi hauek egingo dituzte bisitak: 09:00etan gaztelaniaz, 10:30ean euskaraz, 12:30ean eta 16.30ean gaztelaniaz eta 18:30ean euskaraz.
Handik hiru egunera, inauguraziorako, bi jarduera antolatu dituzte: goizean, gastronomiaren eta berrikuntzaren sektoreko profesionalentzako murgiltze-jardunaldi bat egingo dute eta, arratsaldean, inaugurazio instituzionala, goi mailako ordezkariekin.