Inoiz baino emakume gehiago izango da aurtengo Hiru Hondartzetako Krosean
Lasterketa, dortsal guztiak agortuta, igande honetan, urriak 12, ospatuko da 4.000 parte-hartzaile baino gehiagorekin. Emakumeak izango dira %53.

Gaur goizean aurkeztu dute, Donostiako Udaletxeko prentsa aretoan, Hiru Hondartzetako Krosaren 35. edizioa. Igande honetan, urriaren 12an, egingo den lasterketak bere dortsal guztiak agortu ditu eta 4.000 korrikalari baino gehiago bilduko ditu.
Ibilbideak, erabat laua eta herrikoia, Donostiako hiru hondartzak zeharkatzen ditu, irteera eta helmuga Ondarretako Hondartzako pasealekuan dituela. Aurten ere, emakumeen parte-hartze altua izango du probak, guztizkoaren % 53ra iristen baita, eta, azaldu dutenez, Euskal Herrian emakumeen ehuneko handiena duen 10K lasterketa mistoa da.
Aurkezpenean, Iñaki Gabarain Kirol zinegotziak azpimarratu duenez, “Hiru Hondartzetako Krosa lasterketa bat baino askoz gehiago da: kirol herrikoiaren, herritarren parte-hartzearen eta berdintasunaren ospakizuna da. Izena eman duten pertsonen erdia baino gehiago emakumeak izateak erakusten du kirol jarduera inklusiboago eta anitzago baterantz aurrera egiten ari garela, eta Donostia Kirolatik bide hori babesten jarraituko dugu”.
Urtero bezala, lasterketak ekarpen solidarioa egingo dio Gipuzkoako erakunde bati. Edizio honetan, klub onuraduna Konporta K.E. izango da, igeriketa egokituko atal baten sorreran aitzindaria, ezintasun ezberdinak dituzten 29 igerilari dituena (garuneko paralisia, desgaitasun fisikoa edo intelektuala, autismoa, Down sindromea, besteak beste).
Kirol hitzordua Donostia Kirolaren herri lasterketen egutegiaren barruan kokatzen da eta pertsona guztientzako inklusioaren, osasunaren eta kirolaren aldeko konpromisoari eusten dio.