Palestinaren alde mobilizatuko dira Donostiako feministak

Euskal Herriko mugimendu feministak, Donostiako Asanblada Feministak (DAF) eta Donostiako Asanblada Transbollomarikak deituta, Palestinaren alde mobilizatuko dira ostiral honetan (hilak 10), Bulebarrean, 19:00etan. Feministok Palestinarekin. Israelgo estatu genozida suntsitu! lelopean aterako dira kalera, eta herritarrak deitu dituzte zarata egiteko objektuak eramatera, mobilizazio zaratatsua izango baita.
Donostian ez ezik, Bilbon, Iruñean eta Gasteizen ere egingo dituzte mobilizazioak egun berean, baita Euskal Herriko beste hainbat herritan ere. Izan ere, Palestinako emakumeek, argitaratutako agiri baten bidez, eskaera egin zuten munduko feministek mobilizazioak egiteko, eta horrekin bat egin du Euskal Herriko mugimendu feministak, tokian tokiko eragileekin elkarlanean.