Artea eta Giza Eskubideak haur eta gazteen 22. ekitaldirako izen ematea zabalik
Lanak 2026ko urtarrilaren 30era arte entregatu ahal izango dira Aieteko Jauregian.

Artea eta Giza Eskubideak haur eta gazteen 22. ekitaldian parte hartzeko gonbita egin die udalak haur eta gazteei, edozein marrazketa teknika erabiliz, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren, 38.4 artikuluari buruz hausnartzera. Artikulu horren arabera, munduko herrialdeek ahal duten guztia egin behar dute gatazka armatuetan gazteenak zaintzeko eta babesteko. Horrela, jakin nahi da nola berma daitekeen babes berezi hori marrazki baten bidez.
6 eta 18 urte bitarteko haur eta gazte guztiek parte hartu ahalko dute, banaka edo taldeka parte hartzeko aukera dago, ikastetxeen, haurtxokoen, gaztelekuen, elkarteen, arte akademien eta abarren bitartez edo modu librean.
Iñigo Garcia Villanueva Aniztasun eta Inklusio zinegotziak adierazi duenez, “Milioika haurrek gatazka armatuen ondorioak pairatzen jarraitzen duten mundu honetan, gure haurtzaroa eta gaztaroa errealitate horri sentsibilitatez eta kontzientziaz begiratzera gonbidatzen ditu lehiaketa honek. Artearen bidez, gehien behar dutenak hobeto babes daitezkeela nola uste duten adieraz dezakete. Parte hartzera, hausnartzera eta giza eskubideen defentsan kolorea eta konpromisoa jartzera animatzen zaituztegu. Balioetan heztea etorkizuna eraikitzeko modu bat ere badelako. “
Parte-hartzailearen adinaren arabera, lau kategoria egongo dira: 6-8 urte, 9-12 urte, 13-15 urte eta 16-18 urte.
Sariak, erakusketa eta liburuxka
Epaimahai ofizialak aurre sailkapen bat egingo du, eta irabazle batzuk nortzuk diren erabakiko du; gero herritarrek ere horien artean kategoria bakoitzeko lanik hoberenak aukeratu ahal izango dituzte Giza Eskubideen webgunearen bidez: www.donostia.eus/gizaeskubideak
Sariak, 2026ko apirilaren 26an banatuko dira, Udaletxeko Udalbatza Aretoan. Lan guztien erakusketaren gain, “Bazen behin irudi bat…” liburuxka argitaratuko da parte-hartzaile guztiei banatzeko, lan onenen eta sentiberatasun gehien dutenen hautespen batekin.