Deklaratzera deitu dituzte Arkaitzerrekara egindako isurketen harira ikertzen ari diren hamazazpi lagunak

2022an Zubietako erraustegitik Arkaitzerrekara (Usurbil) substantzia kutsatzaile bat isuritzeagatik daude ikerketa prozesu batean Ekondakin eta Ekobal enpresetako zuzendaritza-kargudunak eta teknikariak, Zubietako erraustegiko kontzesionario eta ustiatzaileak, eta ziurtagiri eta obren aktak sinatu zituzten teknikariak. Hala, deklaratzera deitu dituzte, azaroaren 4an, 5ean eta 6an, Donostiako 5. Instrukzio Epaitegian. Guztira, hamazazpi dira deklaratzera deitutakoak.
Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egotzi zaie denei, eta epaitegiaren zitazioak Guardia Zibilaren Ingurumenaren Zentruko Unitate Operatiboak (UCOMA) egindako peritu txostena eta atestatua ditu oinarri, Gipuzkoako Ingurumen Fiskaltzaren eskariz epaitegiak berak eskatuak. GuraSOS elkarteak eman du informazio hau, gaur emandako prentsaurreko batean.
Txostenaren edukia
Peritoak egindako txostenaren arabera, erraustegiko instalazioak martxan jarri ziren “estankotasun osoa bermatu gabe”. Horrez gain, ez ziren zuzendu “detektatutako akats tekniko desberdinak”, eta horiek instalazioetan dauden lixibiatuen ihesak eta estankotasun eza eragin zuten. Hala, txostenak adierazten du, zehazki, “ingurune naturala eta pertsonala arriskuan jartzen dituen lixibiatuen isurketa jarraitua” dela gertatu dena.
Akatsak detektatu ziren, baina ez ziren konpondu, eta horrek ahalbidetu zuen erraustegia martxan jartzea eta funtzionatzea. Denbora horretan, enpresa desberdinetako teknikariek egiaztapen-ziurtagiriak sinatu zituzten eta obraren jarraipena jaso zuten akta desberdinetan.Epaitegiaren esku dago orain erantzukizun penal, korporatibo eta indibidualak mugatzea. Ikertutako hamazazpi horietatik gehienek uko egin zioten Guardia Zibilaren egoitzetan deklaratzeari eta, horregatik, epaitegian deklaratzera deitu dituzte orain.