Ostegunetako karteladak hilean behin egingo dituzte aurrerantzean Egian

Ostegunero-ostegunero, Egiako euskal preso, erbesteratu eta deportatuen senide eta lagunak kalera ateratzen dira, duela 30 urte baino gehiago. Egoera, ordea, asko aldatu da azken urteotan, besteak beste, dispertsio politika amaitu delako.
Hori dela eta, aurrerantzean, hilean behin egingo dituzte Egiako karteladak, ostegunero egin beharrean. Zehazki, hilabeteko bigarren ostegunean izango dira, eta lehenengoa azaroaren 13an izango da. Horrez gain, mobilizazio ibiltariak izan ordez, elkarretaratzeak izango dira hemendik aurrerako karteladak, eta Tabakaleran egingo dituzte. Hiru hilabete pasatu ondoren, dinamika baloratuko dute, aurrera begirako bestelako erabakiak hartzeko eta egungo egoerak sortu ditzakeen lan dinamika eta helburuetara egokitzeko.
Hala erabaki dute auzoko Sare Herritarreko batzarrean, Donostian bertan zein Euskal Herriko beste hainbat tokitan hartutako erabakien ildoari jarraituz. Hain zuzen ere, gogoratu behar da Donostiako karteladak, Parte Zaharreko eta Erdialdeko kaleak zeharkatzen zituztenak, hileko azken ostiralean egitea erabaki zutela 2023an, 30 urtez ostiralero-ostiralero egin ostean.