Donostian asteburua aprobetxatzeko hiru gomendio

Astebururako plan bila zabiltza Donostian? Planak egiteko aukerarik ez zaizu faltatuko. Alde batetik, gogoratu jaiak ospatuko dituztela asteburu honetan zehar Amara Berrin eta Martutenen; Donostiako azken jaiak izango dira, San Tomas egunera arte —aurretik, gero eta errotuagoa dagoen Gau Beltza iritsiko da, hala ere—. Bestetik, egun bakoitzeko gomendio bat egingo dizuegu jarraian, eta gure agendan ekitaldi aukeraketa zabalagoa aurkituko duzue.
Ostiralean (hilak 10), blues zaleentzako proposamen bat: Alvaro Fernandez (harmonika) eta Iker Piris (gitarra eta ahotsa) musikarien kontzertua, Altxerrin. 19:30ean irekiko dituzte ateak, eta emanaldia 22:00ak inguru arte luzatuko da. Sarrerak han bertan daude salgai, 5 euroan. Altxerrik, hala ere, egunero antolatzen ditu kontzertuak, eta hemen daukazue aste honetako egitaraua.
Larunbatean (hilak 11), goiz osorako proposamena: dekolonialismoari buruzko hitzaldia Amara Berrin, urriaren 12an “ospatzeko ezer ez” dagoela aldarrikatzeko. Amak Contra el Racismo taldeak antolatu du, Olaeta plazan, 10:00etatik 15:00etara. Izen handiko bi pentsalariren hitzaldia izango da ekitaldiaren muina. Arrazakeria eta dekolonialismoa izango dute mintzagai, hain zuzen ere, Katya Colmenares eta Ramon Grosfugel pentsalariek. Ondoren,
Igandean (hilak 12), asteburua ixteko, antzerki bat gomendatuko dizuegu: Oiartzungo Gazte Sortzaileen Julieta ETA Romeo. Antzoki Zaharrean eskainiko dute, 19:00etan, 3 euroren truk.