EHUko errektoretzarekin izandako harremanak jakitera eman ditu EHU-Palestinak

EHU-Palestinak agerraldia egin du gaur, Ignazio Barriola ikasgelategian; sarearen jardueraren berri emateaz gain, EHUko errektoretzarekin izandako harremanak jakitera eman nahi izan dituzte, eta emaitza horien inguruko posizionamendua ezagutarazi.
“EHUko ikasle, irakasle, ikertzaile eta administrazio zein zerbitzuetako langile ugarik antolatzeko pausua eman genuen, helburu argi batekin: EHUk Israelekin eta genozidioa babesten duten erakunde eta enpresa guztiekin daukan harreman oro etetea, horixe baita Israelek genozidioa gelditzeko presio bide eraginkorrena”, adierazi dute.
Helburu horrekin, bi dira sustatu dituzten lan lerroak: alde batetik, EHUk sinatuta dituen edota sinatzear dituen harremanak ikertzea, eta, bestetik, harreman oro eteteko erantzun mekanismoak antolatzea. Gauzak horrela, EHUko errektore Joxerramon Bengoetxeak irailaren 17an egindako adierazpenak “aurrerapauso argi bat” direla irizten du sareak: “Poztekoa da Palestinako genozidioari erantzutea Errektoretzaren lehentasunen artean dagoela jakitea”. Hala ere, eskatu dute Israelekin eta genozidioa babesten dituzten enpresekin oraindik indarrean dauden harreman oro gaur bertan etetea: “Bide horretan presioa egiten jarraituko dugu”.
Hemen duzue ikusgai agerraldi osoa.