Hiriko hainbat talde protestara aterako dira GOe-ren inaugurazioagatik

Manteoko Basque Culinary Centerren inaugurazioa dela eta, protesta egingo dute hiriko zenbait gizarte talde eta auzo elkarte, operazioak hirira ekarri duen “espoliazioa” eta sustatzen ari diren eredua salatzeko. Hilaren 20an egingo dute, 18:00etan, eraikin berriaren parean.
Adierazi dute espoliazio hori 150 milioi euro ingurukoa izan dela, guztira, finantzaketa publikoen kontura ordaindu direnak. Lursailak dituen dimentsioak handiak dira, eta lursail horiek bereganatzearen ondorioz, Grosen gelditzen den lurzoru berde bakarra desagertu da: “Gune hori ekipamendu publikoak eta gazteentzako nahiz adinekoentzako zuzkidura-apartamentuak hartzera bideratuta zegoen”, adierazi dute.
Hala, salatu nahi dute, baita ere, udalak auzokideen mobilizazioen aurrean erakutsi duen mespretxua eta herritarren parte-hartze zantzu oro ezabatu duela. “Manteoko Culinary Centerra modu erabat inposatzailean eta bizilagunekin eztabaidatzeari uko eginez ezarri dute, herritarrek aurkeztutako 10.000 sinadura baino gehiagoren aurrean, helegite judizialen eta antolatutako herri-galdeteken emaitzen aurrean entzungorrarena eginez”, adierazi dute.
Laburbilduz, “herritarren beharrei erantzuten ez dieten hirigintza-proiektuak eta operazioak inposatzen ari direlaz” dira kexu, turistifikazioa, hiri-espekulazioa, bizitzaren garestitzea eta gentrifikazio-arazoak areagotuz.