Irailean %9 igo da Kirol Txartela eskuratu dute gazteen kopurua
Era berean, ekipamenduen erabilera eta kirol jardueretako parte hartzea ere hazi egin da.

Donostia Kirolak 2024an izandako goranzko joera sendotzen duten “zifra historikoekin” ekin dio denboraldi berriari. Izan ere, hazi egin baitira Kirol Txartelaren abonatu kopurua, instalazioen erabilera eta kirol jardueretan parte hartzea. Irail amaierako datuei erreparatuta, 49.500 abonatu baino gehiago ditu Kirol Txartelak, iaz data berean zuena baino %3,5 gehiago, hau da, 1.675 abonatu berri. Bilakaera horri helduko balio, urte amaieran 52.000 bazkidetik gertu egotea aurreikusi dute udal arduradunek. Hala bada, lau urtean ia 8.000 abonatu gehituko ditu. Gehien hazi den adin tartea 15 eta 30 urte artekoa da, %9 azken urtean. Udal arduradunen ustez, kuotaren %50eko hobariaren ondorio da, lehen hilabetean 500 gaztek baino gehiagok izapidetu baitute.
Kirol ekipamenduen erabilerak ere sarbide kopuru errekorra izan du: irailera arte, abonatutako pertsonek 1.923.194 erabilera egin dituzte, iaz baino %7 gehiago. Zeharkako kudeaketako instalazioak eta futbol zelaiak batuta, aurten ia lau milioi erabilerara helduko dela uste dute. Paco Yoldi da erabiliena, eta haren atzetik, Zuhaizti, Altza eta Bentaberri. Etxadirena, aldiz, %25 hazi da aurten. Astearteetan da erabiltzaile gehien dituzten eguna, eta 20 urteko abonatuak daude buruan, urtean 38.000 sarrera baino gehiagorekin.
Kirol ikastaroen denboraldi berria irailaren 22an hasi zen eta 8.000 lagunek baino gehiagok eman dute izena, iaz baino %12 gehiago. Circuit Trainig, Jarduera bateratua eta Total Body dira gehien hazi direnak, %45, %36 eta %18, hurrenez hurren; baina 65 urtetik goranzkoentzako jarduerak ere, %21. Hainbat ikastarotan modu malguan sartzea ahalbidetzen duen Aukeran modalitatearen erabilera ere hazi egin da: irailera arte 900 pertsona 11.000 saio erreserbatu dituzte, iaz baino %9 gehiago.