San Bartolomeko muinoa parke bihurtzeko proiektua alkate berriari aurkeztu nahi diote
Iraila hasieran egindako eskaera berretsi du San Bartolome herritarren plataformak; merkataritza gunea eraikitzeko obra lizentziaren iraungitzea.

Eneko Goia alkatearen agurra dela eta, San Bartolome herritarren plataformak oharra plazaratu du. San Bartolomeko muinoan merkataritza gunea eraikitzeko obra lizentziaren iraungitze eskaerari erantzun ez izana egotzi diote Goiari. Era berean, proiektu hori “linboan” geratu dela deitoratu dute.
Hilaren 16an utziko du alkatetza Goiak, eta behin-behinean Nekane Arzallusek hartuko du. Dena dela, Jon Insausti izendatuko dute datozen bi urtetarako alkate, ezohiko osoko bilkura baten bidez. Hain zuzen ere, alkate berriari bilera bat eskatuko dio plataformak San Bartolomeko muinorako duten parke proposamena aurkezteko.