Amara Berriko prostituzio etxe ilegal bat desegin dute
Bost emakume behartzen zituzten bertan prostituitzera, eta polizia operazioan askatu dituzte. Era berean, hiru pertsona atxilotu dituzte.

Espainiako Poliziak prostituzio etxe bat desegin du Donostian, Amara Berriko Isabel II.a hiribideko etxebizitza batean. Bertan prostituta gisa lan egitera behartuta zituzten bost emakume aske utzi dituzte, baita hiru pertsona atxilotu ere: etxeko emakume arduraduna, bere semea eta laguntzaile bat. Operación Cielo deitu diote polizia operazio horri.
Poliziak azaldu duenez, bost emakumeak guztiz esplotatuta zituzten, eguneko edozein ordutan behartzen baitzituzten prostituzio lanak egitera; soilik bi orduz atera zitezkeen etxetik, inolaz ere bakarrik. Horrez gain, lan behartu horrekin irabazten zuten diruaren erdia etxeko arduradunari eman behar zioten, eta arduradunak droga ere saltzen zuen bertan.
Etxebizitza, gainera, oso egoera txarrean aurkitu zuten agenteek: emakume guztiak gela berean lo egitera behartzen zituzten eta labezomorroak eta bestelako intsektu asko zeuden. Era berean, etxebizitzan kontrol bideokamerak eta erregistro dokumentuak aurkitu dituzte poliziek.
Emakume batek Donostiako Polizia Nazionalaren Atzerritarren eta Mugen Brigada Probintzialean emandako testigantza batetik abiatu zen operazioa, Poliziak etxe horren inguruan zituen susmoak berresten zituena. Gerora, emakume horren testigantza baieztatzen zuten beste bi lekukotasun jaso zituen Poliziak, eta, hori dela eta, etxebizitzan sartzeko baimen judiziala lortu zuten agenteek.